Egia kaleko 22. zenbakiko maizterren aldeko borroka kolektiboa egituratzera deitu dute
Donostiako Maizterren Sindikatuak eta Egia Bizirik auzo elkarteak deituta, auzo asanblada egin dute 60 bat herritarrek Plaza Haundin, Egia kaleko 22. zenbakiko maizterren egoeraren berri izateko eta borroka estrategiak garatzeko. Sareb erakundearenak dira eraikin horretako etxebizitzak, eta bizilagunek azaldu dute 2021eko martxoan kaleratuak izateko beldur direla, Sareben kudeatzaile nagusia den Haya Reale Estate enpresak –Cerberus Capital Management putre funtsaren parte da– ez duelako kontratuak berritzeko asmorik agertu. Hamabi maizter daude kaltetuta egoera horrekin, eta sindikatuaren arabera, 80 urtetik gorako maizter bat dago tartean.
Bizilagunek euren egoera azaldu diete asanbladara bertaratutako herritarrei, eta nabarmendu dute Reake Haya Estatek hilabetero deitzen diela kuota ordaindu ez dutela esanez presioa egiten, nahiz eta hilabetero ordaintzen ari diren. Era berean, salatu dute ez dagoela Sarebekin zuzenean hitz egiteko modurik. Hiriko hainbat eragile izan dira asanbladan, hala nola, Groseko Saretxe plataforma eta Bentaberriko Alokairu plataforma. Elkartasuna adierazteaz gain, Alokairuko kideek euren esperientzia azaldu diete Egiako bizilagunei, eta borroka estrategiak egituratzen dituzten bitartean, kuotak ordaintzen jarraitzeko gomendatu diete, bestela enpresak nondik eraso izango duelako. Era berean, Donostiako Maizterren Sindikatuko kideek hemendik aurrera abiaraziko dituzten borroka estrategien berri eman dute, eta hiru ildo nagusi azpimarratu dituzte: borroka kolektiboa egituratzeko beharra, herritarrak mobilizatzeko beharra eta negozioazio juridikoa eta legala ahalbidetzeko beharra. Zentzu horretan, hilaren 22an, Txoko Internazionalistan, borroka estrategiak egituratzeko bilera bat egingo dutela jakinarazi dute, eta herritarrak bilera horretan zein datozen asteetan iragarriko dituzten mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte.
Hedabide honek Oier Moreno Egia kaleko 22. zenbakiko maizterraren testigantza jaso du, bideoan:
Sareb
Maizterren sindikatuak nabarmendu du Sareb Espainiako Estatuak eta Europako Kontseiluak 2012an sortutako erakundea dela, banku kontabilitatean gainbalioetsitako ondasunak, “aktibo toxikoak”, erosteko eta “finantza sistema salbatzeko” helburuarekin: “2008ko burbuila lehertu eta prezioak jaitsi zirenean, ikusi zen bankuek aktibo toxiko horiek beren merkatuko benetako balioagatik kontabilizatzen bazituzten porrotean deklaratuko zirela, eta erortzean, Espainiako ekonomia guztia haiekin eramango zutela, baita Europako bankuak arriskuan jarri ere”. Sareb sortzeko, 4.800 milioi euroko inbertsioa egin zen, %45 diru publikoa izan zelarik, berez helburu publiko bat baitu, baina, sindikatuaren arabera, “komisio handiak kobratzen dituzten eta zerbitzu hori emateagatik dirua irabazten duten erakunde pribatuek kudeatzen dute”. Horretaz gain, sindikatuak azaldu du Europako Kontseiluak 50.000 milioi euroko mailegua eman ziola Sarebi, eta diru hori Espainaiko Estatuak itzuli behar duela, nahiz eta erositako aktibo toxiko horietatik ateratatako dirua kopuru horretara ez iritsi.
Bestalde, Donostiako Maizterren Sindikatuak salatu du Haya Reale Estate enpresa kudeatzaileak “milioi askoko komisioak” kobratzen dituela Sareb-en etxebizitzak kudeatzeagatik, eta sindikatuaren arabera, etxebizitzak “saldo prezioan” saltzen dizkiete “inbertsoreei eta putre funtsei”. Hain justu, etxebizitza horien artean daude Egia kaleko 22. zenbakiko lau etxebizitza, maizterrik gabeko beste bi etxebizitza eta 300 metro karratuko merkataritza lokal bat.
Horregatik, maizterrek eta Egia Bizirikek larunbatean Sarebi eskatuko diote alokairu kontratuak baldintza beretan berritzeko, eta udalari eskatuko diote Sarebekin hitz egiteko, eraikin horretan hutsik dauden bi etxebizitzak eta lokala udalaren jabetzakoa izatera pasatzeko, “etxebizitzak alokairu sozialeko parkean sartzeko eta lokala kudeaketa komunitarioko ekipamendu publikoa izateko. Horrenbestez, funts publikoekin erreskatatu diren etxebizitzak herri beharren zerbitzura jartzea exijitzen dugu, etxebizitzak eta hiriak merkantilizatzeari uzteko lehenengo urrats gisa”.