Ehunka ostalari "konponbide duin baten alde" kalera atera dira Donostian
Hainbat asteren ondoren, gaur ostalaritzak ateak ireki ditu berriz Donostian, baina ostalariek erakundeekin haserre jarraitzen dute, eta manifestazio jendetsua egin dute arratsaldean. Bulebarreko kioskotik atera dira 17:30ean, eta azken mobilizazioetan gertatu moduan, hornitzaileek eta bestelako langileek mobilizazioarekin bat egin dute, eta euren kamioiek hartu dute manifestazioaren burua. Erdialde guztitik ibili ondoren, Bulebarrera itzuli dira. Arrasateko, Ordiziako, Eibargo eta Ermuako ostalariei elkartasuna adierazi diete erakundeek ez dietelako irekitzea baimendu –gune gorriak izaten jarraitzen dutelako–, eta ondoren, irakurketari ekin diote.
Ostalariek gogoratu dute pandemiaren lehenengo asteetan ezjakintasuna zela nagusi, baina, halako batean, agintariek “ostalaritza jomugan jartzea” erabaki zutela, “halako erabaki bat hartzeko inongo froga zientifikorik gabe”. Nabarmendu dute ulertzen dutela jende pilaketek arriskua handitzen dutela, baina salatu dute erakundeek ostalaritzarekiko “obsesioa” dutela. “Guztiz itxiarazi ziguten hasieran. Bi hilabete beranduago, murrizketa handiekin lan egiten utzi ziguten. Ahal izan zutenek, noski. Adibidez, gaueko aisiak hilabeteak daramatza itxita. Zabalik egon garen hilabeteetan arduratsu jokatu dugu. Kasu askotan, lan bolumen askoz txikiagoa egiteko, lana hirukoiztu egin zaigu, eta honi egin behar izan ditugun inbertsioak gehitu behar dizkiogu”, gaineratu dute.
Bigarren aldiz ateak ixtera behartu zituztenean, aurreko itxialdiko kalte ordainak jaso gabe zeudela salatu dute, eta oraindik ere iragarri dituzten diru-laguntzak jaso ez dutela nabarmendu dute: “Non dago diru hori? Guk behintzat ez dugu jaso. Eta Europatik berreskuratze ekonomikoarentzat bideratu behar duten dirua nora joango da? AHT-arentzat, Iberdrolarentzat eta abarrentzat”. Bestalde, zailtasun ugari izaten jarraitzen dutela azpimarratu dute: “Ostalaritzako langileek hilabeteak daramatzate ABEE-an edo hauetan etengabeko sartu eta atera batean, inolako ziurtasunik gabe”. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren neurri berriak kritikatu dituzte: “Lokalak irekitze ahalbidetu dute. Ahalbidetu bai, baina zein baldintzatan? Terrazen %100 bai, terraza daukanarentzat, eta negu bete-betean. Barruko %50 izateak ez du esan nahi lana %50ean egingo dugunik, jendeak eserita kontsumitu beharko baitu, eta hiru egunetik behin bat-batean ixteko mehatxu etengabearekin. Zer esan ordutegiaz? 20:00etan itxi behar badugu, argi dago kasurik onenean %25ean egingo dugula lan”.
Horregatik guztiagatik, ostalariek iragarri dute “konponbide duinak lortu arte” eta “guztiaren errudunak ez garelako aitortza jaso arte” mobilizatzen jarraituko dutela. “Ziurgabetasun egoera honetatik” ateratzeko, udaletxeen, aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren erreskate planak behar direla aldarrikatu dute: “Politikariak, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da” Milaka pertsonen etorkizuna jokoan dago!”.