Idoia Aierbe omendu dute, Herreratik Bidebietara egindako ibilaldi baten bidez

Mikel Zabalza Herri Ekimenak antolatuta, Herreratik Bidebietarainoko Oroimenaren martxa ibilaldia egin dute hamarnaka herritarrek goizean, Idoia Aierbe omentzeko. Mikel Zabalza orbaizetar eta Altzako bizilagunaren heriotzaren 35. urteurrenaren harira antolatutako jardueretako bat izan da ibilaldia, eta datorren larunbatean, hilaren 19an, Mikelen Txokoa inauguratuko dute Altzako San Martzial plazan. Horretaz gain, udalak ere Zabalza omenduko du egun berean, Donostiako Tranbia Konpainiako langilea baitzen.
Aierbe Bidebietakoa zen, eta horregatik egin dute ibilaldia Herreratik Bidebietara. Zabalzaren bikotekidea zen Aierbe, eta elkarrekin atxilotu zituen Espainiako Guardia Zibilak, 1985eko azaroaren 26an. Aierbek torturak salatu zituen, eta Zabalza hilik agertu zen handik hogei bat egunera, tortura zantzuekin. Aierbek bizi guztian pairatu zituen torturen ondorioak, eta 2018an zendu zen.