Txantxarreka gaztetxeak kamisetak, jertseak eta poltsak jarri ditu salgai, gunearen gastuei aurre egiteko
Antiguako Txantxarreka gaztetxeak material berria jarri du salgai, azken hilabeteotako gastuei aurre egin eta gunearekin aurrera jarraitzeko helburuarekin. Hain justu, kamisetak, poltsak eta jertseak jarri dituzte salgai, azken asteotan herritarrek bidalitako diseinuen lehiaketa irabazi duten irudiekin. Kamisetak 1o euroren truk eros daitezke, jertseak 25 euroren truk eta poltsak 8 euroren truk; txantxarrekagaztetxea@gmail.com posta elektronikora idatzi behar da, produktua eta tamaina zehaztuz. Laster jakinaraziko dute nola egin behar diren ordainketak.
Gaztetxekoek azaldu dute konfinamendutik hona euren “lan politikoa eta jardun kulturala ia ezerezean” geratu dela: “Alde batetik egoerak uzten ez zuelako, baina, beste alde batetik, aukerak irekitzen joan direnean (kiroldegiak, kultur etxeak, toki pribatuetako kontzertuak, eta abar) ez dugulako jakin artikulatzen, espazioa eta higienea betetzen dituzten neurriekin, gaztetxearen erabilera legitimoa aldarrikatzen zuen borroka bat”. Horrela ere, nabarmendu dute guneak gastu jakin batzuk dituela –argiaren, uraren eta zaborren fakturak eta zergak–: “Kostu hauek gure jarduerekin ateratzen dugun diru eskasarekin ordaintzen ditugu, baina azken sei hilabeteotan zorrak pilatzen joan gara, eta etorkizun hurbilean berriz martxan jartzeko asmoa badaukagu ere, aurrera jarraitu nahi badugu, kostu hauei aurre egin behar diegu”. Horregatik, atera dute materiala.