Espaloia beharrezkoa dela aldarrikatu dute Igeldoko herritarrek
Igeldo erdigunetik kanpinera doan bidean ez dago espaloirik. Igeldoko herritarrek urteak daramatzate espaloi horren beharra aldarrikatzen, eta atzo aldarrikapen ibilaldi bat egin zuten aipaturiko bidean. Herri Kontseiluak salatu duenez, Donostiako Udalak ez dio “jaramonik egiten” espaloiaren eskaerari.
“Azkenaldian Igeldon izaten den jende uholdea dela eta, are eta beharrezkoago ikusten dugu espaloia egitea. Oso egoera arriskutsuak suertatzen dira askotan. Izan ere, aldi berean pilatzen dira errepidean oinezkoak, bizikletak, kotxeak, autobusak, autokarabanak… Errealitate hori agerian uzteko eta gure aldarrikapena ezagutarazteko, hainbat herritar bide zati hortara joan ginen atzo eguerdian eta argazkiak atera eta bideoak grabatu genituen”, azaldu dute.
Espaloiaren arazoa “lehenbailehen” konpontzeko eskatu diote udalari, “eskaera historiko honi behingoz erantzunez”.