Txomiñenea auzoari buruzko dokumental laburra aurkeztuko dute Impact Hub gunean
Ostegunean, hilaren 17an, Janen Ibilaldiak hiritar mugimenduak hirigintzari eta gizarteari buruzko jardunaldia egingo du Tabakalerako Impact Hub gunean, 18:30ean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzarekin garatu da proiektu hau, Olatuak programaren barruan. Loiola eta Txomin auzoen hazkundeari buruz, eta horrek biztanleengan duen eraginaz hasunartuko dute.
Jardunaldiak hiru zati izango ditu. Lehenik, Txomiñeneari buruzko dokumental laburra aurkeztuko dute. Duela hiru aste ibilaldi bat egin zuten auzoan, eta horren laburpena hamar minutu inguruko bideo batean jaso dute.
Alvaro E. Olaiz arkitektoak zuzendu du lana, eta LuzNorte films ekoiztetxeko Iñaki Luis arduratu da ikus-entzunezkoaz. Bigarrenik, Janen Ibilaldiak egitasmoaren bi esperientzien aurkezpena egingo dute. Eta hirugarrenik, Alvaro E. Olaiz arkitektoak berak gidaturiko hirigintza jasangarriari buruzko mahai-ingurua egingo dute. Xabier Rubio (Haritzalde Naturzaleen Elkartea), Xabier Agirre eta Unai Ganboa (AGM Arkitektura), eta Pilar Braceras (Hirigintzan eta generoan aditua) izango dira parte hartzaileak. Ingurumenaren, hirigintzaren eta generoaren ikuspegia landuko dute.
Hirigintza eta gizarteari buruzko jardunaldia zuzenean emango da Impact Hub Donostia Youtubeko kanalaren bidez. Segurtasun neurriak betetzeko behar diren neurri guztiak hartuko dira. Horregatik, gehienez ere 15 lagun bilduko dira. Jardunaldian parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da helbide honetan.