Egia, justizia eta erreparazioa eskatu dute Dbuseko langileek

Mikel Zabalza lankide ohia omendu dute Dbuseko langileek udaletxe alboan, gaur eguerdian. 35 urte bete dira Zabalza Bidasoan tortura zantzuekin hilik agertu zenetik, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteletik pasa ondoren. Haren lankide izandako batzuek parte hartu dute omenaldian, eta egia, justizia eta erreparazioa eskatu dute. Dbuseko enpresa batzordeko Kurpil, ELA eta LAB sindikatuek antolatu dute omenaldia.
Urteurrena dela eta, asko izaten ari dira Donostian Zabalzari egiten ari zaizkion omenaldiak, eta asteartean Dbuseko langileek egingo diotena izango da horietako bat. Izan ere, Zabalza orbaizetarra (Nafarroa) zen, baina Altzan bizi zen eta Donostiako Tranbia Konpainiako langilea zen atxilotu zutenean.
Dbusekoen omenaldiaz gain, larunbatean, hilaren 19an, Mikelen Txokoa inauguratuko du Mikel Zabalza Herri Ekimenak Altzako San Martzial plazan, eta udalak ere Zabalza omenduko du udal batzar aretoan egun berean. Bestalde, herri ekimenak Aierbe omendu du asteburuan, Herreratik Bidebietara egindako ibilaldian.