Hainbat herrialderi buruz ikasteko aukera izango dute haurrek gabonetan
Mundu elkartea sortu berri dute Donostiako hiru gaztek, eskolaz kanpoko akademia berezi bat: haurrek gizartea aztertzeko eta hausnartzeko aukera izango dute hainbat tailerretan. Abenduaren 29an eta 30ean egingo dituzte lehen bi tailer irekiak, Donostiako Udalaren Gabonak Zuretzat programaren barruan. 17:00etatik 18:30era egingo dituzte tailerrak, Kontadores Gazte Zentroan. Hainbat herrialderi buruz ikasteko aukera izango dute haurrek gabonetako tailerretan. Euskaraz izango dira, baina euskara ulertzen ez duten haurrek ere izena emango balute, bi tailerretako bat gazteleraz egiteko aukera ere badago. Doakoa da tailerretan parte hartzea, baina aldez aurretik izena ematea komeni da, hemen.
Mundu elkarteak antolatutako tailerrak zortzi eta hamar urte bitarteko haurrentzat dira, eta Amaia Jaka, Irati Peluaga eta Laia Bernués donostiarrak dira antolatzaileak. Urtarriletik apirilera egingo duten proiektuan hamabi saio egingo dituzte, eta ondorengo gaiak landuko dituzte: gizakia izaki sozial bezala; globalizazioa; genero desberdinkeria; sare sozialak, marketina, kontsumismoa eta auto-kontzeptua; migrazioa, multi-kulturalismoa eta xenofobia; eta Nazio Batuen Erakundea eta Nazioarteko Zuzenbidea. Hamabi saio horiek Kontadores Gazte zentroan izango dira, 17:00etatik 18:30era.