Gaztelaniazko bi lanek eskuratu dute Hamaika Entzuteko irrati piezen lehiaketako sari nagusia
(Argazkia: Donostia Kultura) Donostia Kultura Irratiak antolatutako VI. Hamaika entzuteko! irrati piezen lehiaketaren sariak banatu zituzten atzo, Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Sari banaketan, Pardemia izeneko umorezko irrati antzerki saioa egin zuten Anartz Zuazua eta Asier Sota aktoreek.
Deialdira aurkeztutako 35 piezen artean, epaimahaiak erabaki du hiru pieza bereziki nabarmendu direla sarituak izateko. Sari nagusia gaztelaniazko bi lanek konpartitu dute. Erdia Jon Obeso, Maider Gorostegi eta Jose Luis Padronek eskuratu dute Die Brücke. Retrato del último domingo sobre la Tierra piezagatik, eta beste erdia Karla Ferrera Sanchezek jaso du El escritorio de los Tártaros lanagatik. Euskarazko pieza onenaren saria, berriz, Ruben Rosasek jaso du Zoritxarreko egoerak lanari esker.
Hauek izan dira epaimahaikideak: Mikel Iturria, Donostia Kulturako Komunikazioa eta Irudia saileko teknikaria; Susana Bustero, Casares-Tomasene Kultur Etxeko zuzendaria; eta Manex Urruzola, Elhuyarreko Komunikazioa Unitatearen koordinatzailea.
Pieza irabazleak helbide honetan entzun daitezke.


