Kalteturiko maizterren aldeko borroka kolektiboa egituratzen hasi dira
Egia kaleko 22. zenbakiko hamabi maizter kaleratuak izateko arriskuan daude. 80 urtetik gorako maizter bat dago tartean. Sareb erakundea da eraikin horretako etxebizitzen jabea.
Auzo batzarra egin zuten Donostiako Maizterren Sindikatuak eta Egia Bizirik auzo elkarteak pasa den asteburuan, Plaza Haundin. Egia kaleko 22. zenbakiko maizterren egoeraren berri eman zieten batzarrean parte hartu zuten 60 bat herritarrei, eta borroka estrategiak garatzeko asmoa agertu zuten. Sareb erakundearenak dira eraikin horretako etxebizitzak, eta bizilagunek azaldu dute 2021eko martxoan kaleratuak izateko beldur direla, Sareben kudeatzaile nagusia den Haya Reale Estate enpresak –Cerberus Capital Management putre funtsaren parte da– ez duelako kontratuak berritzeko asmorik agertu. Hamabi maizter daude kaltetuta egoera horrekin, eta sindikatuaren arabera, 80 urtetik gorako maizter bat dago tartean.
Bizilagunek euren egoera azaldu zieten batzarrera joandako herritarrei, eta nabarmendu zuten Reale Haya Estatek hilabetero deitzen diela kuota ordaindu ez dutela esanez presioa egiten, nahiz eta hilabetero ordaintzen ari diren. Era berean, salatu zuten ez dagoela Sarebekin zuzenean hitz egiteko modurik. Batzarrean Groseko Saretxe eta Bentaberriko Alokairu plataformek parte hartu zuten. Elkartasuna adierazteaz gain, Alokairuko kideek euren esperientzia azaldu zieten Egiako bizilagunei, eta borroka estrategiak egituratzen dituzten bitartean, kuotak ordaintzen jarraitzeko gomendatu zieten, bestela enpresak nondik eraso izango duelako.
Kaltetu baten testigantza
IRUTXULOKO HITZAk Oier Morenorekin, Egia kaleko 22. zenbakiko maizterrarekin hitz egin du, bere testigantza jasotzeko: «Orain dela hiru urte 22. zenbakiko etxebizitza bat alokatu genuen. Hileroko kuotak ordaintzen hasi ginen, eta sei hilabete beranduago gutun bat jaso genuen. Eraikina Sareb erakundeak erosi zuela zioen, eta alokairua erakunde horri ordaintzen hasi behar ginela. Hiru urte daramatzagu ordaintzen, eta betidanik arazoak izan ditugu ziurtagiriekin. Martxoan kontratua bukatzen da, eta urduri samar gaude ez dakigulako zer gertatuko den. Gure asmoa auzoan geratzea da».
Donostiako Maizterren Sindikatuko kideek hemendik aurrera abiaraziko dituzten borroka estrategien berri eman zuten auzo batzarrean, eta hiru ildo nagusi azpimarratu zituzten: borroka kolektiboa egituratzeko beharra, herritarrak mobilizatzeko beharra eta negoziazio juridikoa eta legala ahalbidetzeko beharra. Ildo horretan, hilaren 22an, Txoko Internazionalistan, borroka estrategiak egituratzeko bilera bat egingo dutela jakinarazi zuten, eta herritarrak bilera horretan zein datozen asteetan iragarriko dituzten mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte.