Haurtxokoetako eta gaztelekuetako kontratua esleitu du udalak udan onartutako murrizketekin
(Argazkia: Donostiako Udala) Donostiako Udalak Hezi Zerb S.L.U. enpresari esleitu dio udal haurtxoko eta gaztelekuetako kontratua, eta ondo bidean, urtarilaren 16an zabalduko dituzte berriro, udan onartutako baldintzekin: zerbitzuak emateko aurrekontua %40 murriztu dute, lan orduak murriztu dizkiete langileei —astean 33 ordu egiten zituztenek 26 egingo dituzte eta 21 ordu egiten zituztenek 16 egingo dituzte—, eta alarma egoera berri bat izanez gero, 44tik 38 langilek izango dute bermatua lanpostua. Horrekin batera, Parte Zaharreko gaztelekua desagertuko da.
Printzipioz kontratuak 5,5 hilabeteko iraupena izango du —2021eko urtarrilaren 16tik ekainaren 30era—, 548.928 euroan. Bi luzapen egin ahalko dira, bakoitza 1.063.505 euroan: 2021eko irailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era eta 2022ko irailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era.
Ekainera arte, enpresa horrek kudeatu zituen haurtxoko eta gaztelekuak, udalak lehiaketa berri bat abiarazi zuen. Baldintza-agiria abuztuan onartu zen, baina Gipuzkoako Gizarte Integratzaileen eta Animatzaile Soziokulturaleen elkarteak helegitea jarri zion lehiaketari, ez baitu zehazten langileek zein formakuntza izan behar duten. Azkenean, udalari eman diote arrazoia, eta elkarteak bide penaletik jotzea besterik ez du izango. Aiete, Altza, Amara, Antigua, Bidebieta, Egia, Gros, Intxaurrondo, Martutenko haurtxoko eta gaztelekua, eta Etxarrieneko zentroa berriz ere zabalik izango dira Gabonetatik bueltan.
Helegitearen ondorioz, ekainetik itxita izan dira haurtxoko eta gaztelekuak, eta langile gehienak langabezian izan dira geroztik. Helegiterik ezean, urrian hasiko ziren, baina hiru hilabete gehiago itxaron behar izan dute lanera itzultzeko. Horregatik, baita murrizketengatik ere, protestan izan dira iraila hasieratik, ELA eta LAB sindikatuen babesarekin. Irekieraren aurrean, sentsazio gazi-gozoak dituzte. Batetik, “pozik” daude . “Bazen garaia. Hiriko haur eta nerabeek eskubidea eta beharra dute horrelako baliabideak izateko”, nabarmendu dute. Bestetik, “ahituta” daude, egin behar izan duten borroka dela eta. “Lanera bueltatzeko beharra daukagu, baina gogorik ez”, azaldu dute. Izan ere, haurtxoko eta gaztelekuak “duintasunik gabe” zabalduko direla salatu dute. “Zerbitzu eskasa izango da, behar gehien dutenean”. Era berean, oraindik ez dakite zehazki non eta nola hasiko diren lanean. Horregatik, hain zuzen, elkarretaratzea egin dute gaur udaletxe aurrean.


