"Londres hotelak urteko diru-sarreren %85 galdu du"
Elena Estombaren arabera, Londres hotelak 2020an izan dituen galerak "dramatikoak" izan dira. COVID-19ak turismoaren sektoreari "gogor" eragin diola uste du: soilik lau hilabetez ireki dute hotela, eta turista kopurua murriztu egin da.
Nolakoa izan da 2020. urtea Londres hotelarentzat?
Donostiako hotel guztientzat bezala, urte zaila eta tristea izan da. Gainera, ziurgabetasun handiko urtea izan da. Erabaki zailak hartu behar izan ditugu denok, eta beste urte batzuetan ia %100eko okupazioa izan dugun garaietan itxi egin behar izan dugu hotela.
Nola eragin dio COVID-19ak hotelari?
Mundu osoko krisi bat denez, uste dut COVID-19ak negozio eta sektore ugariri negatiboki eragin diola, baina uste dut kaltetuenetako bat sektore turistikoa izan dela, baita bere menpe dauden azpisektore guztiak ere, tokiko merkataritza, adibidez. Sektore turistikoak COVID-19a gogor pairatu du eta pairatzen jarraitzen du era nabarmen batean, joan-etorriei dagozkien mugek gure lana oztopatzen dutelako zuzenean.
Galera handiak izan dituzue?
Galerak dramatikoak izan dira. Londres hoteleko gela guztiak berritzeko eta Villa Favorita eraikitzeko aurreko urtean egin genituen inbertsioak kontuan izanda, ondorio ekonomikoak handiak izan dira, eta ez genituen espero. Esan dezakegu Londres hotelak gutxi gorabehera bere urteko diru-sarreren %85 galdu duela.
Hotelak itxita egon behar izan duen garaiei nola egin diezue aurre?
Egoeraren ondorioz, hotela lau hilabetez eduki dugu irekita. Hotela itxita egon zen lehen hilabetean gelak berritzeko obrak amaitu genituen, eta mantentze eta garbiketa lanak ere egin genituen. Hala ere, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteari heldu behar izan diogu ondorengo hilabeteetan. Momentu honetan, langileen gutxiengoa lanean dabil erreserbak eta ezerezteak kudeatzen. Hurrengo urteari begira gaude.
Villa Favorita hotelaren irekierak ere bat egin du pandemiarekin. Nola eragin dio hotel horri?
Villa Favorita aurten bidaiatu ez duen publiko bati zuzenduta dago. Beraz, COVID-19ak eta joan-etorriei dagozkien mugek ezarri dituzten neurriek zuzenki eta negatiboki eragin diote, hiriko gainerako hotelei bezala. Espero dugu laster bidaiatzeko aukera izatea eta Villa Favoritari merezi duen lekua ematea, sinesten dugulako bezeroei asko gustatuko zaien produktu bat dela.
Uda honetan nabaritu duzue turista kopuruaren jaitsiera?
Udan zerbait lan egin ahal izan genuen, baina turista kopurua murriztu da aurreko urtearekin alderatuta. Adibidez, uztaila %57ko okupazioarekin itxi dugu aurten; lehengo urtean %98koarekin itxi genuen. Abuztuan antzekoa gertatu zen: aurten %65eko okupazioarekin itxi dugu, eta aurreko urtean %98 inguruan.