Erregeetako loteriaren lehenengo eta hirugarren sarietako zati bat Donostian tokatu da
Erregeetako loteriak dirua utzi du aurten Donostian, lehenengo sariaren eta hirugarrenaren billete batzuk hirian saldu baitira. Lehenengo sariari dagokionez, Altzan zati bat egokitu da, Arri Berri kaleko 16. zenbakiko Feli tabernako makinan saldutako boleto batean. Cristina Gonzalezek, tabernako arduradunak, erosi zuen 19570 zenbakia, haren aitak –tabernaren sortzaileak– eskatuta, eta establezimendua ireki zuten datarengatik hautatu zuen Gonzalezek zenbaki hori: 1970eko maiatzaren 19an ireki zuten Feli taberna. Hedabideei egindako adierazpenetan, pozik agertu da Gonzalez, 200.000 euro egokitu baitzaizkio. Altza ez da izan Euskal Herrian sari nagusia tokatu den leku bakarra, Bilbon ere zati bat utzi baitu erregeetako loteriak.
Bestalde, hirugarren sariak (05587 zenbakiak) ere zati bat utzi du Donostian, 100.100 euro, hain justu. Alde batetik, Antiguako Matia kaleko 10. zenbakiko estankoan saldutako hiru boletok izan dute saria (75.060 euro), eta bestetik, Erdialdeko Elkano kaleko 8. zenbakiko estankoan saldutako bi boleto ere sarituak izan dira (50.040 euro). Hau da, guztira 300.100 euro utzi ditu erregeetako loteriak Donostian.