Kuskulo gozoki denda itxiko dute
Kuskulok Bulebarrean darama 80ko hamarkadatik. (Argazkia: Maite Reizabal) Urtarrilaren 10a, igandea, belaunaldi askotako donostiarrentzat egun tristea izango da. Jabearen erretiroa dela eta, Kuskulo gozoki dendak ateak itxiko ditu. Dendako arduradunek azaldu dutenez, dendak bi bazkide zituen, hura sortu zuten berberak, hain zuzen. Jabeetako bat urrian hil zen, eta horren harira, besteak denda ixteko erabakia hartu zuen.
Kuskulo 1980ko hamarkadan zabaldu zuten Gasteizko eta Gipuzkoako herri bateko bi bazkidek. Gozokien munduaz ezer ez bazekiten ere, aukera ona ikusi zuten Donostian halako bat zabaltzeko. 1983ko abenduaren 2an lehen denda ireki zuten, Portu kalean. Handik urte erdira, 1984ko ekainean, Bulebarrean zabaldu zuten bigarrena. Lehenengoa bederatzi urtez izan zen zabalik soilik, eta bigarrenak, berriz, gaurdaino iraun du. IRUTXULOKO HITZAk Kuskulo dendaren arduradunarekin hitz egin du, eta dendaren historiaz, izenaren zergatiaz eta bestelako bitxikeriez aritu dira. Erreportajea ostiralean irakurri ahalko da, astekarian eta webgunean.

