Realak euskal derbia irabazita hasi du urtea
Realeko neskek errege eguneko opari ezinhobea eman diete zale txuri-urdinei, goizean Zubietan jokatu duten Athleticen aurkako derbia 1-0 irabazi baitute. Barbara Latorrek egin du norgehiagokako gol bakarra bigarren zatian, eta txuri-urdinek merezita eskuratu dute garaipena.
Lehenengo zatian berdintsu aritu dira bi taldeak. Bizkaitarrak indartsu atera dira eta arriskua sortu dute lehenengo minutuetan, baina gipuzkoarrek pixkanaka euren lekua aurkitu zute zelaian, eta arriskua sortu dute Athleticen atearen inguruan, Barbara Latorreren bitartez, bereziki.
Bigarren zatian, Reala hobeto atera daa, eta momentu batzuetan Athleticek aurrerapauso bat eman nahi zuela zirudien arren, txuri-urdinak hobeak izan dira. Eizagirrek izandako gol aukera baten ondoren jaurtitako kornerrean sartu du garaipenaren gola Latorrek, buruz. 67. minutua zen, eta hortik aurrera, derbia txuri-urdinen eskuetan izan da, gol gehiago sartzeko aukerak ere izan baitituzte. Latorre pozik agertu da garaipenarekin: “Partida zaila izan da, baina pozik goaz etxera hiru puntuekin”.
Horrela, Reala ligako bosgarren sailkatua da, 26 punturekin. Athletic, aldiz, ez da bolada ona izaten ari, eta hamaikagarrena da, hamalau punturekin. Txuri-urdinek Real Madril jasoko dute igandean (11:00etan) Zubietan, eta ez da norgehiagoka erraza izango, ligako lehenengo sailkatuak baitira espainiarrak.