Azora putre funtsarekin bitartekaritza lanak egiteko eskatu diote udal gobernuari
Elkarrekin Donostiak Eneko Goia alkateari egindako interpelazioa erregistratu du gaur goizean, udal gobernuari Azora putre funtsarekin bitartekaritza lanak egin ditzala eskatzeko. Proposamenaren helburua da maizterren egonkortasuna bermatzea, Azorak kontratu berriak formalizatu ditzan gaur egungoak gainditu ahala, alokairu eskuragarriei eutsiz.
Urtebete igaro da Azorak Inmobiliaria Vascongada enpresaren jabetzakoak ziren 320 higiezinak erosi zituenetik. “Horrek eragina izan du alokairu kontratuen baldintzetan, eta urratu egin du maizterren bizitegi egonkortasuna, eta, ondorioz, hirian duten bizi proiektua”, azaldu du Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garaik.
Udala Azorarekin harremanetan jarri zen, eta inbertsio funtsak konpromisoa hartu zuen Inmobiliaria Vascongada enpresak izandako politikarekin jarraitzeko. “Hala ere, Azorak eragindako bizilagunen kolektiboaren salaketek erakusten dute eskuratze horrek ezegonkortasuna eragin diela maizterrei. Salatzen dutenez, bukatzen diren kontratuei hileroko luzapena aplikatzen diete. Praktika hori, Kode Zibilaren 6.4 artikuluaren arabera, lege iruzurra da, eta, gainera, ez du betetzen indarrean dagoen araudia”, dio Garaik.
Maizterrak “ezegonkortasun egoera larrian” daudela nabarmendu du udal taldeak. “Etxegabetzeak edo alokairuaren gehiegizko igoerak eragin ditzake. Une honetan, guztira hamabi familiak dute kontratua bideratzeko aukera, eta litekeena da aurten kaltetuen kopuruak gora egitea”. Horrez gain, adierazi dute Azoka duela urtebetetik dozena bat etxebizitza huts dituela. Hori dela eta, udal taldeak Goiari eskatu dio Azorarekin hitz egiteko etxebizitza hutsak berriz alokairuan jartzeko. “Hirian dagoen arazo larriari aurre egin behar zaio, eta putreen funtsak sartzeak egungo egoera larriagotu besterik ez du egiten”.