Hiru pertsona atxilotu dituzte Donostian, Martuteneko taberna batean lapurtu izana egotzita
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen astearte gauean Martutenen, ustez auzoko taberna batean lapurtzeagatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren arabera, Ertzaintzak Martuteneko taberna batean lapurreta bat gertatzen ari zelako abisua jaso zuen asteartean, hilaren 5ean, 22:30ak aldera. Patruilak heldu zirenean, establezimenduko kutxa erregistratzailea hautsita zegoela ikusi zuten agenteek, baita ustez lapurretan parte hartu zutenetako bi oraindik inguruan zeudela ere.
Horietako batek etxebizitza batetik bestera salto egin zuen ihes egiteko, baina erori egin zen –zauririk pairatu gabe–, eta atxilotu egin zuten. Bigarrena, aldiz, tabernaren aldameneko etxebizitza batean atzeman zuten, eta atxilotu egin zuten. Tabernaren jabearen izenean zegoen banku txartel bat eta kutxako hainbat txanpona antzeman zizkioten. Beste patruila batek etxebizitza horretako beheko aldean zarata entzun zuen, eta hor atxilotu zuen hirugarren ustezko lapurra –zauriak zituen eskuetan–, baita kate bat eta hainbat zintzilikari antzeman ere; tabernako jabeak bereak zirela egiaztatu zuen. Horretaz gain, ertzainek poltsa bat aurkitu zuten lurrean, barruan zilarrezko mahai-tresnak, erloju bat eta hainbat trofeo zituena.
Ertzaintzaren arabera, atxilotuak tabernaren aldameneko etxebizitza zahar baten atzeko partetik sartu ziren tabernara. Atxilotuetako bik 24 urte dituzte, eta besteak 18 urte ditu.