Zinema eta zientziaren arteko lotura estimulatzaileak bilatuko dituzte
Urteko lehen hiruhilekoan egingo dute laugarren Zinema eta Zientzia zikloa. Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostiako Zinemaldiak elkarlanean aurkeztu dute gaur programa. Hamar film proiektatuko dituzte, eta emanaldiak Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan izango dira. Horietako batzuk Donibane Lohizuneko Le Select zineman ere emango dituzte.
Zikloak duen bereizgarritasunari eutsiko dio. Proiekzio bakoitzarekin batera, nazioarteko izen handiko zientzialariekin aurkezpenak eta solasaldiak egongo dira. “Hainbat zientzia eremurekin lotura estimulatzaileak bilatzeko itzuli da ‘Zinea eta Zientzia’ zikloa, eta beste behin ere, aurtengo aukeraketak modu eklektikoan konbinatuko ditu gaur egungo tituluak eta klasikoak”, azaldu du Joxean Fernandezek, Euskadiko Filmategiko zuzendariak.
Pedro Miguel Etxenike fisikariak emango dio hasiera zikloari, hilaren 8an Donostian eta 9an Bilbon, Srinivasa Ramanujan matematikari indiarra ardatz duen The Man Who Knew Infinity filmaren emanaldiarekin. Ospe handiko beste zientzialarien artean, Alan Turing polifazetikoa (The Imitation Game) eta zikloaren aurtengo kartelaren protagonista ere baden Madame Curie aitzindaria agertuko dira filmetan. Nicholas Ray (The Savage Innocents), Ingmar Bergman (Viskningar och rop), Dalton Trumbo (Johnny Got His Gun) eta Arthur Penn (The Miracle Worker) bezalako zuzendarien klasikoak ere ikusi ahal izango dira.
Horrez gain, Fritz Langek zuzendutako Frau In Mond film mutua ere berreskuratuko da, eta Javier Perez de Azpeitia piano joleak zuzeneko musika jarriko dio saioari. Azken hau, koronabirusaren krisialdiaren ondorioz aurreko edizioan bertan behera utzi ondoren programatu da berriro ere. Izan ere, zikloak ez du baztertuko pandemiaren gaia eta aurten bi film eskainiko dira hausnarketarako lagunduko dutenak, bai zientzia fikzioaren esparruan The Andromeda Strain filmarekin zein ezaguna egingo zaigun egoera deskribatzen duen film batekin, Contagion.
“2020 urteak pentsarazi digu ‘Zinema eta Zientzia’ zikloko aurreko edizioek oinarri oso sendoak zituztela, baina, bereziki, 2021ekoa inoiz baino beharrezkoagoa dela. Gure uste bikoitza berresten dugu: kultura zientifiko handiagoa izateak gizarte gisa hobeto oinarritutako erabakiak hartzen laguntzen digu eta, Andre Malrauxek irakatsi zigun bezala, kultura zinematografiko handiagoa izateak nobleziaren eta munduaren edertasunaren oinordeko bihurtzen gaitu”, azaldu du Fernandezek.
Pedro Miguel Etxenikez gain, honako zientzialariek hartuko dute parte aurkezpen eta solasaldietan: Aitzol Garcia Etxarri (fisikaria), Ane Sarasola (fisikaria), Fernando Cossio (kimikaria), Idoia Mujika (kimikaria), Ignacio Arganda-Carreras (informatikaria), Itziar Perez Irazusta (medikua), Javier Aizpurua (fisikaria), Juan Ignacio Perez Iglesias (biologoa), Juan Jose García Cadenas (fisikaria), Maia Garcia Vergniory (fisikaria), Maria Muñoz Caffarel (biokimikaria), Olatz Arbelaitz Gallego (informatikaria) eta Xurxo Mariño (neurofisiologoa).
Buñuel zikloa eta saio bereziak
Zinema eta zientzia uztartzen dituen zikloaz harago, bi saio berezi egingo dituzte Donostian, Bilbon eta Donibane Lohizunen. Horietako batean, Filmategiak Kimuak 2020 programako film laburrak emango ditu, publiko orokorrarentzat lehen aldiz; eta bestean, Pour Don Carlos (Alegria kapitaina, 1921) film luzea ikusi ahal izango da, Tolouseko Zinematekarekin, Frantziako Filmategia eta The San Francisco Silent Film Festival jaialdiarekin elkarlanean zaharberritutako kopiari esker. Jacques Lasseynekin batera, Musidorak ekoiztutako eta zuzendutako film mutua da.
Era berean, Luis Buñuel izango da 2021eko Nosferatu programazioaren protagonista. Aurrenekoz, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak elkarlanean bultzatzen duten zikloa Tabakalerako zineman ez ezik, atzera begirakoan antolatzaile lanetan ibili den Bilboko Arte Ederren Museoko auditoriumean ere ikusi ahal izango da. “Honek berebiziko garrantzia du guretzat, Filmategiaren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko lotura are gehiago estutzen delako eta gure zinema-programazioa Bizkaian zabaltzen delako”, esan du Fernandezek.
Nosferatu ziklo berriak Aragoiko jenioak zuzendu zituen 32 filmak erakutsiko ditu Donostian eta Bilbon, eta Buñuel + PLUS programa ere egongo da ikusgai; bertan, Un chien andalou, Viridiana eta Le charme discret de la bourgeoisie filmak sinatu zituen zuzendariaren bizitzarekin eta lanarekin lotura duten 18 titulu proiektatuko dituzte.