Jesusen Bihotzak 70 urte bete ditu
Urgull mendian Jesusen Bihotza omentzen duen eskultura erraldoia dago 1950. urtetik. Egun hiriko paisaiaren parte den arren, udal gobernu frankistaren ekimenez eraiki zuten. Eraikuntza lanez Pedro Muguruza arduratu zen, Erorien Harana egin zuen arkitekto frankista.
Urgull mendiaren tontorrean Jesusen Bihotza dago, Donostia zelatatzen duen eskultura kristaua. Hiriko paisaiaren parte da egun, baina ez da beti hala izan. Duela 70 urte eraiki zuten, Donostiako Udalaren aginduz, eta frankismoak hirian utzitako aztarnaren adierazleetako bat da.
12,5 metroko altuera duen Jesusen Bihotza Urgull mendiaren tontorrean eraiki zuten, Motako gazteluaren lekuan. XI. mendetik egon da gaztelu bat Urgull mendian, erabilera militarrarekin: defentsara bideratu dute mendia mende luzez. Hala ere, XX. menderako Urgull mendiko defentsa sistema zaharkituta zegoela eta, erabilera militarra alde batera uzten joan ziren, eta 1921ean Donostiako Udalak Espainiako armadari mendia erosi zion. Parke bilakatu zuten orduan, eta 1925ean Espainiako Parke Nazional izendatu zuten.
1936ko gerrak hiria aldatu zuen, Francisco Franco diktadore faxistaren garaipenaren ondorioz. Aldaketa horrek Urgull mendian ere eragina izan zuen. Izan ere, 1939an hiriko udal gobernu frankistak erabaki zuen Jesusen Bihotzaren omenezko eskultura erraldoi bat Urgull mendiaren tontorrean eraikitzea.
Diktadura frankistak kristautasuna ezarri zuen erlijio ofizial moduan, eta gizarteko bizitza osoa erlijio katolikoaren inguruan antolatu zuten. Horren parte zen iruditeria kristauaren hedapena, eta horren erakusgarri da Jesusen Bihotza Donostian. 12,5 metroko altuerako eskultura erraldoia 1950an amaitu zuten; ordutik dago Jesusen Bihotza hiriari begira.
Eraikina hormigoiz eginda dago, eta barruan kapera bat dauka. Federico Coullant eskultorearen laguntzarekin, Pedro Muguruza Otaño arkitekto frankista izan zen Donostiako Jesusen Bihotzaren egilea.
Muguruza arkitektoa frankismoko arkitekto nagusia izan zen. Haren esku egon ziren Franco diktadorearen aginduz eraikitako monumentu eta eraikin nagusiak. Euskal Herrian, Jesusen Bihotzaren omenezko eskultura bat baino gehiago eraiki zituen. Donostiakoaz gain, Bilboko Jesusen Bihotza ere hark egindakoa da.
Hala ere, Muguruzaren lan ezagunena Erorien Harana da. Cuelgamuros haranean (San Lorenzo de El Escorial, Espainia) dagoen basilika 1936ko garaipena goresteko eraiki zuten, eta eraikuntza lanetan preso politiko ugari aritu ziren. Duela gutxi arte hor zegoen lurperatuta Franco diktadorea, eta han jarraitzen dute oraindik gerran hildako ugarik eta Primo de Rivera agintari faxistak.