Kirola ezinbesteko jardueratzat jo dadin nahi dute kirol elkarteek eta gurasoek
Azaroaren 6ko dekretuan, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen eskola kirola, haur eta gazteen kirol erregulatua, alegia. Beste zailtasun bat, askok martxotik daramatelako ezer egin gabe. Horren itzulera aldarrikatzeko sortu dira Bultza Kirola eta SOS Eskola Kirola.
Martxoan, konfinamenduarekin batera eskola kirola eten zutenean, kirol arloko eragileek eta gurasoek ez zuten uste hain luzerako joko zuenik. «Haur eta gazte askok bederatzi hilabete daramatzate profesional batek erregulatutako jarduera fisikoa egin gabe», azaldu du Naiara Soto fisioterapeuta eta amak. «Irailean, eskolak hasi zirenean, hainbat eskolatan jarduera fisikoari lotutako eskolaz kanpoko jarduerak ez zituzten abiarazi. Beste batzuetan, berriz, gurean, San Jose Altza Herri ikastolan, esaterako, berandu abiarazi zituzten. Eta dena martxan genuenean, bertan behera utzi zuten», gehitu du.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, azaroaren 6ko dekretuan, eskola kirola eta kirol federatuaren zati handi bat debekatu zuen. Abenduaren 11ko dekretuan, berriz, kirol federatua berrezarri zuten. «Protokolo guztiak betez entrenatzeko aukera dute federatuek. Alegia, azaroaren 6ra arte eskola kirolako haurrekin egiten ari ginen gauza berbera egin dezakegu. Baina eskola kirola ez da itzuli», nabarmendu du Sito Peregrinak, Basket Sito enpresako kideak eta aitak. «Eskola kirola da, gutxi gora behera, fitxa federatiborik ez duten 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteen kirol erregulatua», adierazi du Itziar Beluchek, Izar Lekuko entrenatzaileak eta amak.
Hain zuzen, kirolaren, eta bereziki eskola kirolaren debekua dela eta, bi mugimendu sortu dira. Batetik, Bultza Kirola plataforma, EAEko kirol federazioen, elkarteen eta kluben babesa duena. Peregrina honen parte da. Bestetik, SOS Eskola Kirola, Donostiako hainbat ikastetxeetako gurasoek sortutakoa. Sotok eta Beluchek bultzatu dute.
Ondorioak gaztetxoen egunerokoan
Peregrinak azaldutakoaren arabera, osasun arloko erakundeek esandakoa kontuan hartuz, «kutsatze indizea 0,28 eta 0,34 bitartekoa da, alegia, batez beste 0,30ekoa. Oso txikia da». Sotok gehitu du: «ez dago inolako berme zientifikorik, ezta epidemiologikorik ere hau bertan behera uzteko».
Eskola kirola eta kirol federatua bertan behera uzteak ekarritako ondorioak aztertzeko, Bultza Kirolak ikerketa bat abiarazi zuen, eta online bidezko galdetegi bat zabaldu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko federazioetako eta klubetako kirolarien artean. 3.492 erantzun jaso zituzten. Horren arabera, pandemia aurretik, batez beste, astean 5,64 orduz aritzen ziren kirolean; orain, berriz, 1,9 orduz. Lehen kirolean aritzeko erabiltzen zuten denbora horren zati handi bat orain bideo jokoei eskaintzen die %31k. «Kirola alde batera uzten ari dira asko; beste askok kirola egiten jarraitzen dute, baina lehen baino gutxiago. Beste hainbatek, kirola bere kabuz egiten jarraitzen du edo erregulatu gabeko tokietan, eta lesio arriskua areagotzen da kasu horietan», adierazi du Beluchek.
Aldiz, kirolak haurrentzako ezinbesteko onurak dakartzala azpimarratu dute Peregrinak, Sotok eta Beluchek: sistema immunologikoa, eta haurren alderdi emozionala eta psikologikoa indartzen laguntzen du, baita balioak ezartzen ere. «Koronabirusaren garaian, kirola beharrezkoa da. Kirol praktikaren onurak hobeak dira kirolik ez egitea baino», adierazi du Sotok. «Adin horretan oso garrantzitsua da kirolaren ohitura ez dezaten galdu, ohiturak sendotzen ari baitira», dio Beluchek.
Manifestazioa, larunbatean
Orain arte hainbat jarduera egin badituzte ere, Bultza Kirolak protestara deitu du EAEko hiru hiriburuetan larunbaterako, 12:00etarako. Donostian, Bulebarrean hasi eta bukatuko da manifestazioa. Euren aldarrikapenarekin bat egin du SOS Eskola Kirolak, eta han izango dira. «Kirola ezinbesteko jardueratzat jo dadin eskatu nahi dugu. Egungo neurria ez dugu ontzat jotzen, ezta beharrezkotzat ere», nabarmendu du Peregrinak.