Realak Kordobaren aurka jokatuko du Kopako final-hamaseirenetan
Realak badaki nor izango den 2020/2021 denboraldiko Kopako bere lehenengo aurkaria: Kordoba. Gaur egin dute final-hamaseirenetarako zozketa, eta bigarren B mailako talde andaluziarra egokitu zaie txuri-urdinei. Realak 2012an ere Kordobaren aurka jokatu zuen Kopan, baina zaleek ez dute kanporaketa horretako oroitzapen onik izango, andaluziarrek gipuzkoarrak kanporatu baitzituzten, nahiz eta orduan Kordoba bigarren mailan zegoen.
Aurreko fasean Getafe –lehenengo mailako taldea– kanpoan uztetik dator Kordoba, beraz, ustez aurkari erraza bada ere, adi egon beharko du Realak. Klub txuri-urdinak orain arte ez du Kopako partidarik jokatu behar izan, iaz finalera heldu zelako –pandemia dela eta atzeratu egin zen, eta apirilean da jokatzekoa–, eta, beraz, Superkopa jokatu behar duelako, Athleticekin, Bartzelonarekin eta Real Madrilekin batera.
Final-hamaseiretako norgehiagokak hilaren 16an eta 17an jokatuko dira, baina Realaren kasuan, aste horretan Superkopako partidak jokatuko dituenez, hilaren 20an edo 21ean jokatuko du Kordobaren aurka. Kanporaketa partida bakarrekoa izango da, eta talde andaluziarraren etxean jokatuko da; hain justu, txuri-urdinek zelai berean jokatuko dute Bartzelonaren aurkako Superkopako finalerdietako norgehiagoka, hilaren 13an, 21:00etan.