San Juan de Dios ospitaleko langileak larunbatean mobilizatuko dira, lan hitzarmen berri baten alde
ELA eta LAB sindikatuek deituta, Donostiako San Juan de Dios ospitaleko langileak mobilizatu egingo dira bihar, hilaren 9an, subrogazioa aintzat hartuko duen lan hitzarmen bat behar dutela aldarrikatzeko. Izan ere, sindikatuen arabera, Zorroagako osasun mentaleko zentroan indarrean dagoen hitzarmena, duela 20 urteko Gipuzkoako osasungintza pribatuko hitzarmena da, eta orain arte hura hobetu duten akordioak “enpresa barrukoak” izan dira. Hobekuntza horietan ez da subrogazioa jaso, eta horregatik, sindikatuek salatu dute enpresak lizitazioa eta horrek eragingo lukeen lanpostu galera erabiltzen duela “langileak beldurtzeko”. Era berean, nabarmendu dute osasun zentroko enpresa kudeatzaileak Osakidetzarekin akordioa duela.
Sindikatuek bi urte daramatzate hitzarmen berri bat lortzeko negoziatzen, baina diotenez, “enpresak oso jarrera itxia erakutsi du negozioazioen aurrean”. Horregatik, mobilizazioak egitera ekingo diotela azpimarratu dute. Horrela, bihar, hilaren 9an, izango da lehenengoa, 12:00etan, Bulebarrean: “Lanpostuen baldintzen hobekuntzez gain, gure lanpostuak bermatuko dituen subrogazioa ere jasotzeko eskatzeko”.