Lilatoia birtuala izango da aurten

Iazko azkeneko lasterketa herrikoia izan zen Lilatoiaren 31. edizioa. Aurtengoa, berriz, garai berrietara egokitu behar izan dute antolatzaileek, eta bertsio birtuala egingo dute “berdintasuna eta emakumearen ahalduntzea aldarrikatzen jarraitu ahal izateko”. Aurten ere ON, LilatON! lelopean, lasterketaren bost kilometroak korrika, oinez —nordic walking barne—, patinetan edo esku bizikletan egin ahalko dira modalitate birtual honetan, eta parte hartzaileek hainbat egun izango dituzte distantzia hori egiteko: 2021eko martxoaren 5etik, ostiraletik, goizeko 6:00etatik, 2021eko martxoaren 8ra arte, astelehenera arte, 23:00etara arte. Norberak nahi duen tokian egin dezake korrika.
Izena emateko epea asteazkenean, hilaren 13an, zabalduko dute, lotura honetan, eta martxoaren 4ra arte, 23:55era arte, izango da zabalik. Lasterketa birtualean parte hartzeak 4 euroko kostua izango du. Lasterketa birtualean parte hartzeaz gain edizio honetako kamiseta jaso nahi dutenek, 11 euro ordaindu beharko dituzte.