Realak Superkopako finalerako txartela eskuratu dezake Bartzelonaren aurka
Realak Espainiako Superkopako finalerdia jokatuko du Bartzelonaren aurka gaur, 21:00etan. Partida Kordoban jokatuko dute, eta txuri-urdinek katalanak garaitu beharko dituzte finalera iritsi nahi badute. Beste finalerdia Athleticen eta Real Madrilen artean jokatuko da ostegunean, beraz, baliteke finala euskal derbia izatea. Hain zuzen, Kopako finalerako sailkatu izanagatik –oraindik ez da jokatu– daude Euskal Herriko bi taldeak Superkopan, eta Ligan lehenengo bi postuetan geratu izanagatik madrildarrak eta katalanak. Realak bigarren aldiz jokatuko du Superkopa: 1982an, txapelketaren sorrera urtean, jokatu zuen estreinakoz, eta irabazi egin zuen, Real Madrilen aurka.
Txuri-urdinak ez dira denboraldiko unerik onenean heldu finalerdira, azken jardunaldietan ez baitute denboraldi hasierako sentsazio ona utzi, eta azken norgehiagokan 3-2 galdu zuten Sevillaren aurka. Bartzelona, aldiz, gaizki hasi zen, baina azken jardunaldiotan bere benetako maila erakusten ari da, hainbat garaipen eskuratu baititu jarraian. Txuri-urdinen baja nagusia David Silvarena da, eta Bartzelonak ezin izango ditu Ansu Fati, Pique eta Sergi Roberto zelairatu.
Hala ere, Alguacilen mutilak gogoz heldu dira Kordobara, eta edozein talde garaitzeko gai direla erakutsi dute behin baino gehiagotan; gainera, nahiz eta erretiratuta egon, David Zurutuza ere taldearekin joan da Andaluziara, jokalariei bere babesa helarazteko. Bartzelona garaituz gero, finala igandean, hilaren 17an, jokatuko luke Realak.