Aldakoneako hirigintza proiektua "espekulatiboa" dela dio EH Bilduk
Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak bi hirigintza eremu lotzea adostu dute: Egiako Aldakonea proiektua eta Altzako Eraikuntzaren Institutua. Horren berri abendua bukaeran eman zuen udalak, eta hirigintza hitzarmena jendaurrean jarriko dutela iragarri zuen. Erabaki hori “polemikoa” eta “espekulatiboa” dela salatu du EH Bilduk.
“Proiektuaren sustatzaileek Aldakonean etxebizitza babestuak eta ekipamenduak eraikitzeko legezko betebeharren zati bat gainetik kentzea lortu nahi dute. Gaur egun bertan bizi direnentzat ordezko bizitokiak eraikitzera mugatuko dira, eta aldiz, gazte eta adinekoentzako bizitokiak, kirol-guneak eta hirigintza-proiektu berri orotarako beharrezkoak diren gainerako zerbitzuak kentzeko asmoa dute. Horrela, auzoa zuzkidura-elementu berdinekin geratuko da, baina presio demografiko handiagoarekin”, azaldu du Ricardo Burutaran zinegotziak.
EH Bilduren ustez udal gobernuak “etxebizitza librearen eraikuntza maximizatzea” lortu nahi du hiriaren erdigunean, “non irabazi marjinak askoz handiagoak diren”. Gainerakoa Altzara eramango dutela dio udal taldeak, “Egia eta Gros bezain espekulagarriak ez diren eremu batera”. Bestalde, Burutaranek adierazi du Altzako Eraikuntza Institutua eta Aldakoneako eremuak Kutxarenak direla. “Helburu sozialak zituen finantza erakunde bat izan zena, orain, espekulazioaren arauen menpe dagoen higiezinen agentzia huts bat da. Udal gobernuak Kutxari operazioa abian jartzeko eman dion babesak azalpen bakarra du: Donostiako EAJren eta PSE-EEren apustu ideologikoa, praktika espekulatibo horien zilegitasuna defendatzeko”.
Aldakoneako hirigintza proiektuaren helburuetako bat eremuaren irisgarritasun arazoak konpontzea da. Dena dela, Burutaranek horren inguruko ñabardura bat egin du: “Irisgarritasun arazo handiagoak dituzten Aldakoneako beste zati batzuk kanpoan utzi nahi dituzte. Hau da, zati pribatuarentzat etekin ekonomiko handiagoa duten eremuetan bakarrik eragin nahi da”. Bestalde, hiri ereduaren ikuspegitik, “onartezina” iruditzen zaio herritarrak “modu horretan” bereiztea. “Babestutako etxebizitzak periferiara eramago dituzte, eta erdiguneko lursailak errentarik altuenetarako erresebatuko dituzte. Egian ahalik eta babestutako etxebizitza kopuru txikiena eraiki nahi dute, eta Altza eta periferiako gainerako auzoak lotarako auzo hutsak izatera kondenatu”.
Babesturiko etxebizitzak
Egiako hirigintza proiektua onartzen bada, auzoaren “gentrifikazio prozesua” areagotuko dela dio EH Bilduk. “Ia ezinezkoa izango da etxebizitza beharrean dauden Egiako bizilagunak Aldakonean eraikiko diren etxebizitza babestuetan bizitzea. Gauza bera esan daiteke Groseko bizilagunei buruz. Bi auzo hauetan ia ez dago etxebizitza babesturik egiteko eremurik. Aldakoenean egin beharreko esku-hartzea aukera paregabea da bi auzo horietako bizila-gunentzat, gazteentzat eta hain gazteak ez direnentzat, konponbideak emateko”, azaldu du Burutaranek.
EH Bildu harremanetan jarri da Altza, Egia eta Groseko eragileekin proiektuaren berri eman eta alternatiba bat diseinatzeko, Aldakonea eremurako eta Altzako Eraikuntzaren Institutuaren zonarako. “Bi helburu ditugu. Batetik, auzoen arteko desorekak ezabatzeko norabidean urratsak ematea, eta, bestetik, donostiar guztien etxebizitza eskubidea bermatzea”.