"Dena ez da telebista: jolastu behar duzu eta eskuekin gauzak egin"
Tamayo dendakoek San Sebastian egunean etxea apaintzeko proposamen erraz bat egin dute. Denda 1914ean sortu zuen Ainara Tamayoren birraitonak, eta une oro daude "datorrenari begira, atzean ez geratzeko".
San Sebastian eguna ospatzeko, nola apaindu ditzakegu gure etxeak?
Gehienok ospakizunak etxean egin beharko ditugunez, mahaia apaintzea proposatzen dugu. Mantela paperarekin egin daiteke, dekorazio moduan hainbat gauza egin daitezke: danbortxo bat makilekin, adibidez. Oso erraza, eta margotu eta dekoratu daitezke. Etxea apaintzeko, Donostiako bandera egin daiteke, girnalda batzuk ere jarri daitezke, eta bola batzuk egin daitezke zetazko paperarekin.
Pare bat tailer ere eskaintzen ditugu danborradarekin lotuta. Danbor jotzaile bat egiteko da horietako bat. Argazki-album moduan, scrapbooking teknikarekin beste urte batzuetako oroitzapenak bildu ditzakegu.
Zein da Tamayo dendako eskaintza?
Atal desberdinak daude, eta beraz, publikoa denetarikoa da. Opariak egiteko materiala dugu, umeei zuzendutako txokoa sormenarekin lotuta, arte ederrak ere baditugu, eta bulegoko materiala ere saltzen dugu, egunerokotasunerako balio duena. Papera eta eskulanak ere saltzen ditugu.
Bezeroak denetarikoak dira, beraz.
Bai. Gainera, oparietarako materiala dagoenez, mundu guztiak oparitu behar du zerbait. Egia da gehien errepikatzen den profila 30 eta 50 urte arteko emakumeak direla. Profil bat esateagatik, baina denetarik dago. Konfinamenduak zerbait ona ekarri badigu, kontzientzia hori izan da: jendea hasi da umeekin eskulan gehiago egiten. Ohartzen ari dira dena ez dela telebista: jolastu behar duzu eta eskuekin gauzak egin. Eta hori guri oso ondo datorkigu.
Sormena bultzatzen duzue Tamayon?
Bai, guztiz. Tamayo ez da jostailu denda bat, zerbait eman nahi dugu: eskuekin erlazionatua, ezberdina.
Noiz ireki zenuten denda?
Denda 1914koa da: aurten 107 urte egingo ditu. Nire birraitonak ireki zuen Grosen, baina Legazpi kalean 60 urte baino gehiago daramatzagu.
1914ko Tamayo eta oraingoa desberdinak dira?
Lehen gehiago kontabilitateko liburuak, bulegoko gauzak saltzen zituzten: Librería Tamayo zuen izena. Makineria ere saltzen zuten, fotokopiagailuak, adibidez. Nire birraitona lehenengoa izan zen Alemaniatik makina inprimagailu handi bat ekarri zuena. Boutique eta paper denda gehiago bihurtu zuen nire aitonak, eta batez ere nire aitak. 1980ko hamarkadan nire aitak Snoopy eta Hello Kitty-ren booma izan zuen… Opariaren mundu hori ez zen inon ikusten. Hortik aurrera, gauza bereziak, arte ederrak eta eskulanak sartu genituen. Lehenago adibidez idazteko tresneria ugari saltzen genuen, baina orain aldatu egin da egoera.
Zeintzuk dira Tamayok gaur egun dituen erronkak?
Duela urte eta erdi hasi ginen online dendarekin, konfinamenduan aktibatu genuen. Erronka da gehiago baliatzea: dituen baliabideak gehiago erabiltzea, barne-kudeaketa hobetzen joatea… Online salmenta ondo kontrolatuta izatea da erronka, eta publizitateari garrantzia handiagoa ematea. Denbora guztian adi gaude datorrenari begira, atzean ez geratzeko.