GHK GuraSOSen aurka auzitara jotzea aztertzen ari da
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) jakinarazi du aztertzen ari dela GuraSOS elkartearen aurkako lege auzibidea hastea, GuraSOSek erraustegiaren inguruan egindako akusazioak direla eta. Izan ere, Zubietako erraustegiaren kudeaketa “arduragabea” izaten ari dela salatu du aste honetan GuraSOSek.
GHK-k nabarmendu du erakundeei beti eman diela erraustegiko gertakari guztein berri, “gardentasun osoz”. Horren harira, adierazi du Jose Ignacio Asensio kontsortzioko presidenteak auzitara jotzeko aukera aztertzen ari direla: “Oinarririk ez duten GuraSOSen eraso eta salaketen aurrean, GHK-k bere langile eta funtzionarioei beharrezkoa den babes guztia eskainiko die, eta horregatik, GHK-ren zerbitzu juridikoak GuraSOSen aurkako lege auzibidea hasteko aukera aztertzen ari dira”. Horretaz gain, GHK-k azpimarratu du GuraSOSek orain arte jarritako salaketa guztiak atzera bota dituztela auzitegiek.
Aste honetan erraustegian sortutako sua ere izan zuen hizpide GuraSOSek bere salaketan, eta horren inguruan ere mintzatu da GHK. Adierazi du sutea ezusteko gertakari bat izan zela, eta nabarmendu du berehala kontrolpean hartu zutela.