"Beste kolore bat emango diogu auzoari"
Aurtengo urtarrila desberdina izango da Antiguan. Nolakoa izango da?
Urtarrilaren 20an denok etxean egongo dugu, eta familian ahal den moduan ospatuko dugu eta kontuz ibiliko gara, geure buruak arriskuan ez jartzeko. Auzotar guztiontzat berezia da urtarrila, baina aurten tentuz jokatu behar dugu.
Antiguako jaiak ere ez dira egongo.
Normalean jaietan bi jai egun handi izaten ditugu: poteo elegantea eta kuadrillen eguna. Orduan, iruditu zitzaigun zerbait berezia egin genezakeela. Larunbatean kontzertu bat egingo da Dokan, protokolo guztiak jarraituz; sarrerak agortu dira. Hala ere, deialdia egiten dugu betidanik poteo elegantean parte hartu duen jendeak egun horretan kalera dotore jantzita ateratzeko. Hurrengo asteburuan kuadrillen eguna tokatzen da, eta berdin: kalera ateratzeko, lagunekin elkartzeko edo erosketak egiteko, blusa janztera bultzatzen ditugu. Horrela, beste kolore bat emango diogu auzoari, beste poztasun bat. Beti ere, geure buruak zainduz eta auzoan pentsatuz, hurrengo urtean jaiak ospatu ahal izateko.
Nolakoa izaten da danborrada Antiguan beste urteetan?
Oso berezia izaten da. Auzotarrok beti dugu gogoa egun berezi hori iristeko. Gainera, hemen 19 arratsaldean hasten da. Beti txaranga bat jartzen dugu 19:00etan. Tabernak asko betetzen dira, kuadrilla asko elkartzen dira, eta gauean beti egoten dira txosnak musikarekin. Txaranga egoten da gau osoan zehar, eta 07:00etan hain mitikoa den gazte danborrada ateratzen da. Denak etortzen dira ikustera, eta auzoarentzat oso berezia da egun hori.
Nola irudikatzen duzu 2022ko urtarrila?
Espero dut dena normaltasunera bueltatzea: dotore janzteko urduritasuna, danborrada hasteko gogoa… Dena normal egotea. Ea lortzen dugun!