Inkesta: 2021. urtea nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?
«Perura joan nahiko nuke nire semearekin, nire familia ikustera eta besarkatzera»
Danali Hun, Amara Berri
Maskara gabe ibiltzea gustatuko litzaidake, eta egoera baretzea. Gainera, Perura joan nahiko nuke nire semearekin, nire familia ikustera eta besarkatzera. Lanari dagokionez, emagina naiz, eta oso arraroa eta berezia izaten ari da. Etengabe zaindu behar dugu. Uste dut poliki-poliki dena bere onera itzuliko dela eta aterako garela. Euskarari lotuta, ikasten jarraitzea oso garrantzitsua da niretzat. Nire bikotekidea euskaldun zaharra da. Gainera, osasunarentzat ere garrantzitsua da hizkuntzak ikastea, gaixotasun neurodegeneratiboak ekiditeko.
«Gustatuko litzaidake egoera aldatzea […]. Bestalde, euskara ikasten jarraitu nahi dut»
Fernando Alvarez, Amara Berri
Gustatuko litzaidake egoera aldatzea, eta koronabirusari agur esatea. Ez daukagu askatasunik, ezin da mugitu. Pena da. Nik, behintzat, koronabirusa pasa nuen. Familia ikusteko muga batzuk izan ditut, baina bilobak zaintzen laguntzea egokitu zait, eta aukera izan dut beraiekin egoteko. Bestalde, 2021era begira euskara ikasten jarraitu nahi dut. Haurra nintzenean, banekien pixka bat, baina ondoren debekatu zutenez, ez nuen ikasten jarraitu. Nire familia euskalduna da, eta beraiekin euskaraz hitz egitea gustatzen zait. Poliki-poliki ikasten ari naiz.
«Nahiko nuke egin ditugun akatsak zuzentzeko aukera izatea eta gure harremanei duten balioa ematea»
Silvia Ruiz, Antigua
2021eko bizitza lehen genuenaren parekoa izatea gustatuko litzaidake, batez ere, nahi duguna egiteko ahalmena izatea. Gainera, nahiko nuke egin ditugun akatsak zuzentzeko aukera izatea eta gure harremanei duten balioa ematea. Gizarte hezkuntza eta gizarte lana ikasi nuen, eta adingabeko zentro batean egiten dut lan. Gertatu dena asko nabari da. Haur batzuk familia gabe geratu dira. Lanpostuak gutxitu dira, baina gizartearen beharrak handitu dira arlo guztietan. Besteen laguntza behar dugu. Guztiok parte hartu behar dugu behar dutenei laguntzeko.
«Oposizioak prestatzen ari naiz, eta gainditzea gustatuko litzaidake, edo, bestela, nire lanera itzultzea»
Anna Ket, Loiola
Gustatuko litzaidake ohiko bizitza bizitzen hastea, lasai-lasai lagunei besarkada edo musu bat eman ahal izatea, eta kalean maskara gabe joan ahal izatea. Lanari dagokionez, oposizioak prestatzen ari naiz, eta gainditzea gustatuko litzaidake, edo, bestela, nire lanera itzultzea. Kafetegi batean egiten dut lan berez, baina aldi baterako erregulazioan nago une honetan. Egoera orokorrari dagokionez, uste dut datozen urteetan egoera zaila izango dugula. Une honetan, garrantzitsua da txertoa jartzea, baina, ondoren, denbora asko beharko da ikusteko txertoak nola funtzionatzen duen. Euskarari dagokionez, ni B1 maila ikasten ari naiz. Azterketa gainditu nahi dut, eta horren ondoren, B2a. 2022an, berriz, barnetegi batera joan nahi dut, euskara praktikatzeko. Ni Ukrainan jaio nintzen. Duela sei urte iritsi nintzen Espainiara, eta bost urte daramatzat Donostian. Gaztelania zerotik ikasi nuen, kalean. Eta pena da hemen, Donostian, oso jende gutxik hitz egiten duela euskaraz.
«Denak hobera egitea espero dut, baita udan familiarekin oporretara joateko aukera izatea ere»
Sergio Ausin, Loiolako Erribera
Pixkanaka askatasuna berreskuratzea gustatuko litzaidake: maskara kentzea, lagunekin eta familiarekin elkartzea, eta abar. Oso zaila da horrela bizitzea. Beraz, pixkanaka, denak hobera egitea espero dut, baita udan familiarekin oporretara joateko aukera izatea ere. Iazko oporretan Gipuzkoa ezagutzen aritu ginen, baina ez ginen hemendik atera. Dena den, uste dut udara arte —maiatza edo ekainera arte—gauzak ez direla ondo joango, eta hori, noski, gauzak ondo egiten badira. Ikusteko dago horrela izango den. Lanari dagokionez, espero dut hobera egitea. Hotel bateko harreran egiten dut lan, eta lan gutxi dugu. Turistarik gabe, gure sektorea asko sufritzen ari da. Euskarari dagokionez, ikasten jarraituko dut. Nire emaztea eta seme-alabak euskaldunak dira, eta betidanik nahi izan dut euskara ikasi. Orain, lan gutxi dudanez, denbora dut, eta jarraituko dut. Ez dakit B1a aterako dudan, baina saiatuko naiz, aurten ez bada, datorren urtean.
«Berotegi efektua murriztea gustatuko litzaidake; arazo larria dela uste dut»
Naiara Marti, Loiola
Datorren urtea maskararik gabekoa izatea gustatuko litzaidake, baina badakit zaila izango dela, oraindik ez baitugu ziurtasunik txertoari dagokionez. Agian, udaberrian hori lor daiteke, baina momentuz, ezetz uste dut. Era berean, berotegi efektua murriztea gustatuko litzaidake, arazo larria dela uste dudalako. Niri natura asko gustatzen zait, eta dena kaltetzen ari gara. Lagunei dagokienez, iaz kontserbatorioko lagunekin bidaia bat egin nahi genuen, baina ezin izan genuen pandemiarengatik. Aurten hura egitea gustatuko litzaidake. Hala ere, nire iritziz, ez da posible izango. Ikasketei dagokienez, aurten unibertsitatera joan behar nuen Medikuntza ikastera, baina urte sabatikoa-edo hartzea erabaki dut soilik musika ikasteko, zehazki, pianoa. Dena den, buruan dut Bilbora joatea Medikuntza euskaraz ikastera. Izan ere, uste dut hemen aukera gehiago ditugula euskaraz ikasten badugu. Badakit hamar urte direla, baina asko gustatzen zait.