"Saiatuko gara denok banderaren igoera balkoietan ospatzen"
Txirain elkartea itxita dago, eta bertako danborrada ez da aterako aurten, gainerako guztiak bezalaxe. Hamar urte bete ditu Txirain danborradak 2021ean, baina ospakizunak atzeratu egingo dituzte: 2022an ospatuko dute aurten egin ezin izan dutena.
Aurtengo urtarrilaren 20a desberdina izango da, beste urteekin alderatuta. Zer egingo duzue Txirain danborradakoek?
Xabier Elvira (X.E.): Ezer berezirik ez.
Silvia Arbina (S.A.): Saiatuko gara ospatzen ahal bezain ondo, baina elkartea itxita dago, eta beraz, ohiko afaria ezingo dugu egin. Pentsatzen dut gehienek etxean afalduko dutela goxo goxo. Hamabietan saiatuko gara denok banderaren igoera balkoietan ospatzen.
Beste urte batzuetan nolakoa izaten da danborrada Antiguan?
S.A.: Donostia guztian da berezia, baina Antiguan bereziki. Asko bizi dugu festa.
X.E.: Elkarteko afariarekin hasten dugu festa. 02:00etan etortzen dira Sansustenekoak, eta gero auzoan konstantea da. S.A.: Gero, Matia kalean Tenisekoak ikusten ditugu, Sansustenekoak bukatzen, danborrada herrikoia ere badago: horrek jende asko mugitzen du. 24 ordu dira.
X.E.: Egun osoa pasa dezakezu auzoan 24 orduz danborra entzuten.
S.A.: Danborrada berriak eguerdi aldean ateratzen dira. Gero bazkaldu egiten dugu, presaka, eta arratsaldean beste danborrada pila bat daude.
Txiraingoak arratsaldean ateratzen zarete?
S.A.: Bai. 17:30etik 21:00ak arte jotzen dugu danborra.
Noiztik jotzen duzue danborra Txirain danborradakoek?
X.E.: Lehen urtea 2011.ena izan genuen. 2010ean hasi ginen prestatzen, eta azaroan hasi genituen lehen entseguak.
Nola erabaki zenuten danborrada sortzea?
X.E.: Silvia betidanik oso zalea izan da, eta otu zitzaion batzar orokor batean: “Aizue, zergatik ez daukagu danborrada bat denon artean?”.
S.A.: Eta esan zidaten: “Ba, egin”. Gero Jabi Gomezekin [danbor nagusia] zorte handia izan dugu: beste danborrada batean jotzen zuen, Antiguako kaldereroetako zuzendaria da, kantujiran aritzen da… Eta esan genion: «Jabi, elkartekoa zarenez, danbor nagusia izan behar duzu». Eta gustura hartu zuen. Gaur egun, 120 pertsona inguru ateratzen gara Txirain danborradan.
Nola irudikatzen duzue 2022ko San Sebastian eguna?
S.A.: Ba, guk espero dugu…
X.E.: Joan den urtekoa bezalakoa! Horrekin konforme. Gogotsu hartuko dugu.
S.A.: Jende guztiak berdina esaten digu: “Bueno, aurten ez, baina hurrengoan sasoi gehiagorekin!”. Ea lortzen dugun.
X.E.: Gainera, aurten danborradaren 10. urteurrena ospatu behar genuen, eta zerbait berezia egin nahi genuen.
S.A.: Hurrengo urtean egin beharko dugu: 10+1!