Osasuna, ingurumena eta justizia aldarrikatuko ditu GuraSOSek

Hilaren 23an giza katea egingo du GuraSOS platarfomak. Osasuna, ingurumena, justizia lelopean, 12:00etan abiatuta Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen Gipuzkoako Ordezkaritza eta Kalkutako Teresa Plaza batuko dituzte.
Instituzioek segurtasunarekiko, osasunarekiko eta ingurumenarekiko duten mespretxua salatu nahi dute. Era berean, justiziak dagokion legezkotasun kontrola egin dezan eskatuko dute. “Mobilizazioa erraustegian izan berri diren eta instituzioek ezkutatu dituzten hiru suteren berriekin batera dator, eta baita ere GuraSOSek erraustegia geldiarazteko EAEko Auzitegi Nagusian berehala aurkeztuko duen eskaerarekin batera ere. GHK-k egindako ohartarazpen onartezina salatzeko ere balioko du”, azaldu dute.
Antolaketak ahalegin berezia egingo du pilaketak saihesteko, eta horretarako honako neurri hauek hartu dituzte, horietako batzuk berritzaileak. Ez da azken ekitaldirik izango, ez behintzat ohiko moduan. Azken ekitaldian jendetza bildu ez dadin, antolatzaileek streaming bidez (zuzeneko emisioa) emango dute ekitaldiaren amaiera (azken adierazpena eta ekitaldiaren itxiera), eta parte-hartzaileek telefono mugikorretatik jarraituko dute, dauden katearen tokian. Esteka gurasos.org webgunean egongo da eskuragarri. Itxiera ekitaldia 12:15ean izango da.
Bestalde, antolatzaileek maskara gorriak banatuko dizkiete parte hartzaileei, GuraSOSen logoa simulatuz. Logoan maskara hori agertzen da, kutsadurak eragindako arriskuaren ikur gisa. Katean bizikidetza-unitateak bakarrik egon ahal izango dira elkarrekin. Gainerakoak eta bizikidetza-unitateak elkarrengandik 3 metrora egongo dira, eta, horrela, kontakturik gabeko kate bat osatuko dute. GuraSOSeko 20 boluntario arduratuko dira katea antolatzeaz eta dagozkion jarraibideak emateaz.
Azkenik, jendea pilatu ez dadin, antolakuntzak lau zatitan banatu du ibilbidea, eta gipuzkoarrei eskatu diete dagoekien tartera joateko (katea hasi baino hamar minutu lehenago):
- 1. zatia.- Andia-Diputazioa: Urola Kosta Debabarrena.
- 2. zatia.- Diputazioa-Okendo/Askatasunaren hiribidea 5 (Bankoa) Debagoiena-Goierri-Tolosaldea.
- 3. zatia.- Askatasunaren hiribidea, 5. zk., Santa Katalina zubia: Donostialdea.
- 4. zatia.- Urumea- Kalkuta plaza: Oarsoaldea-Bidasoa-Buruntzaldea.