Txillardegiren betaurrekoak ipiniko bagenitu
Bederatzi urte pasa dira Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ hizkuntzalari, idazle eta politikaria zendu zenetik. Haren omenezko ekitaldia egin dute Antiguako Gaskonia plazan, Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak antolatuta. Dantza, bertsoak, musika eta aldarriak uztartu dituzte.

Omenaldia agurrarekin hasi dute, plazan dagoen Txillardegiren horma irudi berrituaren aurrean. Sua Enparantzak eta Natale Buenok egin dute dantza, eta Janitz Enparantza txistulariak jarri ditu doinuak. Ekitaldiko une bereizgarriena, ordea, Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiena izan da. Omenaldietan iraganera jotzeko joera dagoela esan du Beñatek, eta beraiek kontrako ariketa egitea erabaki dutela. Hau da, Txillardegi gaur egunera ekartzen saiatu dira jolas bitxi baten bidez.
Antolatzaileak dagoeneko hamargarren urteurrenari begira jarri direla adierazi dute: “Egitasmoaren helburu nagusia burura eramateko urtea izatea nahi dugu. Bederatzi urte hauetan aldarrikatu dugunari jarraiki, izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegi zentralari ‘Txillardegi liburutegia’ izena jartzea nahi dugu”.
Bestalde, herri ekimenak panel bat jarri du Gaskonia plazan, esnea saltzen duen makinaren etxolan. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran Antiguaren erdian zegoen Txillardegi etxea, eta bere historia zein argazkiak jasotzen dituen aipaturiko panelak. Horrez gain, plazan bertan txillarra landatu zuten.
Txillardegiren omenezko ekitaldia Euskal Herrian euskaraz kantatuz bukatu dute, eta 2022rako erronka bota dute: Txillardegi liburutegia errealitate bihurtzea.