Haurrak euskaraz matrikulatzera deitu du udalak
Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzera deitu ditu gurasoak, kanpaina hasieran. Haurrak elebidunak izan daitezen aukera onena euskarazko ereduan ikastea dela adierazi du Kultura eta Euskara zinegotzi Jon Insaustik: “Urtarrilaren 29an bukatuko da matrikulazio kanpaina eta beste urte batez, datorren ikasturtera begira seme-alabak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea dute gurasoek. Erabaki horrek duen garrantzia kontuan harturik, euskaraz matrikulatzeko deia egiten diegu, horixe baita elebitasunik orekatuena bermatzen duena”.
Hiriaren egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta, egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi dute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena. 2016ko EUSTATen datuen arabera, 29 urtetik beherako herritar euskaldunak eta ia euskaldunak %89,59 dira.
Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara jakiteak seme-alabentzat duen garrantziaz, eta hortaz, euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan ditu gurasoak. Horrela gutun bidez mezu hau helarazi nahi izan die aurten seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten guraso donostiarrei. Gutunarekin batera, Irria aldizkariaren ale bat banatu zaie haurren eta familiaren gozamenerako.
D eredua da lehen aukera
Donostian hamar ikasletatik ia bederatzi D ereduan matrikulatzen da eskolan hasten denean. Hiriko 19 ikastetxe publiko eta 26 ikastetxe pribatu edo hitzarmendunetako hiru urteko haurren matrikulazio datuek argi eta garbi adierazten dute Donostiako gurasoen hautua.
Gurasoek Donostian D ereduaren alde egiten dute, beraien seme-alabek hizkuntza bat baino gehiago jakitea nahi baitute. “Zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi eta erabili, orduan eta hobeto garatuko dituzte beste zenbait gaitasun, eta, kultur aniztasun handiagoaz gozatzeko aukerarekin batera, lan etorkizun zabalagoa izango dute. Haurrak euskaraz hazten badira, euskara haiek adina haziko da”, azpimarratu du udalak.