Etxegabeentzako eguneko zentroa izango da Villa Salia
Donostiako Udalak etxerik gabeko pertsonentzako eguneko zentro bat jarriko du Egiako Villa Salia eraikinean. Horrekin batera, familien programa bat ere garatzea aurreikusten dute. Eraikina jabetza publikokoa da, eta gaur egun helduen irakaskuntzarako erabiltzen da osorik. Jarduera hori mantenduko du, eta eraikinari erabilera berriak gehituko dizkiote. Proiektuaren aurrekontua 2,1 milioi eurokoa da, eta eraikinaren jatorrizko balio arkitektonikoak galdu gabe berrituko dute.
“Udalaren Gizarte Ekintza sailaren lehentasunezko helburuen artean dago proiektu hau, etxerik gabeko pertsonei laguntzeko lokal bat jartzea, eta eraikin honek zeregin horretarako beharrezkoak diren baldintzak betetzen ditu”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Gaur egun, eguneko beste zentro bat du udalak San Bartolomen. Ordea, pandemiaren eraginez lokal horrek ez ditu osasun neurriak behar bezala betetzeko baliabideak.
Jai Alai kaleko 17. zenbakian dago Villa Salia, eta 1.200 metro karratu ditu. Proiektuak aurreikusten duenaren arabera, eraikinak dituen hainbat zona egokituko dituzte: garaje pabiloia, erdiko sotoaren solairua eta beheko solairuaren zati bat. Horiek etxegabeek erabiliko dituzte. Beheko solairuaren beste aldea eta lehen solairu osoa hartzen dituzten gainerako espazioak familien programara bideratuko dira.
Etxerik gabeko pertsonentzako eguneko zentroaren laguntza-erabilerak, laburbilduz, erabiltzaileentzako espazioak eskatzen ditu, hala nola harrera-gune bat, egonaldirako gunea, jantoki soziala, erizaintzako eta podologiako kontsultak, bulego profesionalak, aldagelak eta komunak, armairuak, bai eta langileentzako guneak eta eremu osagarriak ere, hala nola bilera-gela, egongela, aldagelak eta komunak, harrera-gela, hainbat biltegi, sukaldea, garbiketa-gela eta instalazio-gela. Familien programan, berriz, beheko solairuko sarbidea, biltegia eta harrera-haurtzaindegia daude.