Gozoa elkarteak 'Maskor' pastelaren ideia aurkeztu du
San Sebastian egunaren bezperan, Gozoa Gipuzkoako artisau gozogileen elkarteak Maskor izeneko pastelaren ideia aurkeztu du. Oiartzun gozotegiaren lantegian produktuaren lanketa egin dute elkarteko hainbat ordezkarik Eneko Goia alkatearekin batera. Hiriko maskorrean oinarrituriko pastelaren azken emaitza aurten aurkezteko asmoa dute, eta maskor formakoa izango dela aurreratu dute. Ordea, barruko osagaiak oraindik zehaztu behar dituzte.
Gozotegiko lantekian prozesuaren azken urratsa egin dute alkatearekin. David Martin Gozoa elkarteko presidentearekin batera, prestaketan parte hartu dute Lorena Gomez (Maitiana), Joxe Mari Pikabea (Geltoki), Pilar Garikano (Garikano), Hodei San Buenaventura (ChocArte) eta Patxi Telleria (Aramendia) gozogile eta elkarteko bazkideek.
Hiru pastel eredu aurkeztu dituzte. Lehena, almendrazko streusel, ahabi mus, gazta eta bainilazko krema freskoz osatua. Bigarrena, txokolate, almendra eta bainilazkoa. Eta hirugarrena, sagarra eta kanela dituena. Pastelak hiru mailako txokolatezko idulki batean kokatu dituzte, bakoitza maila batean. Agertoki baten antzera aurkezteko, Konstituzio Plazaren erreplika bat egin dute, hau ere txokolatezkoa. Asteburuan ateratako argazki batean oinarritu dira.