Zuri-urdinez janzten ari da Donostia
COVID-19aren ondoriozko salbuespenezko egoera izango ez bagenu, donostiarrak urduri egongo lirateke dagoeneko, gero eta gertuago baitago San Sebastian eguna. Nahiz eta jairik ez den izango, donostiarrek ez diete espiritu zuri-urdinari uko egin, eta balkoiak, leihoak, saltokiak eta hiriko hainbat txoko danborradako koloreekin apainduta daude. Kontxako barandan, esaterako, maskaradun danbor batek apaintzen du Donostiako bandera: herritar askok argazkia atera diote. Amara Berriko lore denda batean, berriz, lore zuri-urdinak (naturalak omen) saltzen ari dira.
Auzoz auzo, kalez kale, San Sebastian eguneko sentimendua beste era batera adierazi dute aurten donostiarrek. Argazki bilduma bat osatu dugu Donostia zuri-urdinaren une, irudi eta pertsona desberdinekin.