San Sebastian eguneko ospakizunak egokitu dituzte donostiarrek goizean
San Sebastian egunean bete betean murgildu da Donostia, eta donostiarrak kalera irten dira goizean. Hala ere, ukaezina da aspaldiko goiz lasaiena izan dela gaurko egunez, aurtengoa salbuespenezko San Sebastian eguna izaten ari baita. Baina jendeak jakin du egoerara egokitzen, eta aurkitu du modua San Sebastian eguna egoerara egokituta ospatzeko.
Parte Zaharra izan da auzo jendetsuena, gainerako auzo askotako donostiarrak bertara gerturatu direlako. Jendeak paseorako baliatu du goiza, baita tabernetan zerbait hartzeko ere. Ikatz kalean sukaldariz jantzita poteatzen ari zenik bazen, baita zapi urdina lepoan Bulebarra zeharkatzen zuenik ere. Txakur batzuk ere batu dira festara, eta zapia lepoan jarri diete haien jabeek. Parte Zaharrean eta Erdialdean danbor hots handirik ez da entzun, baina haur asko aritu dira haien danborrak jotzen. Bestetik, adierazgarria da Parte Zaharrean Ertzaintzak izan duen presentzia: hiru furgoneta zeuden Konstituzio plazan eguerdian, eta auzoko kaleetan ere ibili dira. Ez da istilurik izan, ordea.
Amaran bete betean murgildu dira festan. Easo plazako tabernetan jende asko egon da, eta segurtasun distantzia mantentzen eta osasun neurriak betetzen, danborradako giroa izan da plazako terrazetan. La Bella Easo tabernako soinu banda Raimundo Sarriegiren piezek osatu dute, eta La Bodeguilla tabernak banderaren igoera txiki bat egin du, eta bezeroek danborrada alaia osatu dute.
Bidebietan ere jai giroa izan dute, eta gauerdian bezala, eguerdi aldean auzoko dorreetako balkoietan San Sebastian martxa eta Sarriegiren beste hainbat pieza jo dituzte bizilagunek.
San Sebastian eguna irudi, une eta anekdota berezi ugari eskaintzen ari da. Irutxuloko Hitza auzoz auzo ari da ez-jaiaren jarraipena egiten, eta gauerditik honako irudi ugari bildu ditugu argazki-bilduma batean.