Txomiñenean haurrek girotu dute San Sebastian eguna
Donostiako gainerako auzoetan bezala, gauerdian balkoietan San Sebastian martxa jotzen ekin zioten San Sebastian egunari Txomiñenean. Egoerara egokitutako jaia, ordea, ez da horretara mugatu auzoan, Txomiñeneko haurrek girotu baitute ez-festa. 11:00etan, Lanberri auzo elkarteak amantalak egiteko ikastaro bat egin du. Hogei haur inguruk hartu dute parte ikastaroan, eta egin dituzten amantalak Donostiako banderarekin apaindu dituzte.
Ondoren, San Sebastian martxa jo dute Txomiñeneko haurrek, eguerdian. Haien danborrak etxetik eraman dituzte, eta gogotsu jo dute martxa. Aurten ezin izan dute Haur Danborradan parte hartu, baina izan dute San Sebastian eguna ospatzeko modurik.