Eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek %28ko soldata arrakala salatu dute Donostiako kaleetan
Lehen greba eguna egin dute gaur erakinetako eta lokaletako garbitzaileek. 09:00etan EULEN enpresaren aurrean elkarretaratzea egin dute, eta eguerdian manifestazioa egin dute Donostiako kaleetan. 200 pertsonatik gora elkartu dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako manifestazioan. %28ko soldata arrakala salatu dute, Ane Alberdi ELA sindikatuko kidearen arabera: “Eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek kale garbikuntzarekin alderatuta %28ko soldata arrakala daukate. Eraikin eta lokaletako garbitzaileena sektore guztiz feminizatua da: %80a emakumeak dira. Aldiz, kale garbitzaileen sektorea guztiz maskulinizatua da: %80a gizonezkoak dira. Lan berbera egitearren, guk %28 gutxiago irabazten dugu, urtean 5.000 euro inguru. Egoera hori salatzeko, kalera atera gara”.
Lanaldien partzialitatea ere salatu dute gaur eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek: “Gure sektoreko %80ak baino gehiagok lanaldi partzialak dauzka, eta aldiz, kale garbikuntzan %80ak lanaldi osoa. Ordu erdiko kontratuak izaten ditugu enpresa ezberdinetan, eta hiru enpresatan lan egin behar dugu lanaldi duin bat lortzeko. Hamabi ordu behar izaten ditugu bost orduko lanaldi bat lortzeko”, azaldu du Alberdik.
Gaurko greba egunaren balorazio “oso positiboa” egin dute, ELAko kidearen esanetan: “Jakin badakigu sektore hau oso atomizatua dela: langileak oso bakartuta daude haien lan zentroetan. Hortaz, antolatzeko zailagoa da beti ere, eta oso pozik gaude izandako erantzunarekin: zentro desberdinak blokean irten dira, eta hori guretzat aurrerapauso handi bat da”.
Bihar bigarren greba eguna izango dute, eta mobilizazio gehiaho izango dira. 09:00etan Galarretako biribilgunean (Hernani, Gipuzkoa) elkartuko dira Orona eta Lidl enpresen eta Mondragon unibertsitatearen aurrean. 12:00etan, manifestazio “zaratatsua” egingo dute Andia kalean hasita Antiguaraino.