San Sebastian eguneko istiluek askotariko erreakzioak sortu dituzte
Ertzaintzaren eta pertsona batzuen arteko liskarren ondorioz, lau lagun atxilotu, zortzi ertzain zauritu eta gazte bati masail hezurra hautsi diote pilotakada batez.
Parte Zaharrean istiluak sortu ziren San Sebastian egunean. Tabernak ixtean, Ertzaintzak polizia operazioa abian jarri zuen kaleak husteko. Gainera, Eneko Goia alkateak bandera jaisteko zeremoniaren aurretik, Udaltzaingoak Konstituzio plaza jendez hustu nahi izan zuen. Horrek liskarra sortu zuen poliziaren eta kalean zeuden herritarren artean.
Ertzainek hainbatetan jaurti zituzten pilotak Parte Zaharrean, eta herritar batzuek objektuak jaurti zizkieten agenteei. Ertzainak Parte Zaharreko kaleak husten ari ziren bitartean, bizilagun askok “alde hemendik” eta “utzi auzoa bakean” oihukatu zuten leiho eta balkoietatik. Lau pertsona atxilotu zituzten ertzainek, eta bederatzi zauritu eragin zituzten liskarrek.
Piztu Donostiak jakinarazi duenez, masail hezurra hautsi zioten pertsona bati pilotakada batekin.
PELOTAZO BATEK MASAIL HEZURRA HAUTSI PARTE ZAHARREAN.
— PIZTU DONOSTIA (@PiztuD) January 21, 2021
Noiz arte erabiliko ditu Ertzaintzak hilgarriak ez baina larriki zauritzen duten arma mota horiek?
Aurpegia jotzen duen pelota norantz botata dago? pic.twitter.com/lEVZUvxdPy
Ertzainak pixkanaka Parte Zaharreko kaleak indarrez husten joan ziren, eta herritar ugari Bretxaren inguruan gelditu ziren. Horiek sakabanatzeko, ertzainek San Juan kaletik eta Bulebarretik kargatu zuten. Herritar batzuk Legazpi kaletik joan ziren, eta poliziaren kargen aurrean, zabor edukiontzi bati su eman zioten. 22:00etako etxeratze agindua iristear zela, istiluak bukatu egin ziren.
Naiz hedabideak zabaldutako bideo batean entzun daitekeenez, “Jotzera tiro egingo dugu, ados?” esan zien ertzain batek bere kideei:
? [DOCUMENTO SONORO] «Vamos a tirar a dar», orden de la Ertzaintza anoche en la Parte Vieja donostiarra https://t.co/Uc5yUeg0EW Ha ocurrido dos días después del cierre en falso del «caso Cabacas» pic.twitter.com/zJvPcdCrUk
— naiz: (@naiz_info) January 21, 2021
Pertsona bat plazan bertan atxilotu zuten. Besteak inguruko kaleetan hartu zituzten preso, eta bat Bulebarrean, Piztu Donostia taldeak bideo batez salatu duenez. Atxilotuetako hiruk, 18, 21 eta 31 urte dituzte, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, zaurituetako zortzi ertzainak dira.
Auzotarrek eta hainbat eragilek adierazi dutenez, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren presentzia handia izan zen atzoko egun osoan Parte Zaharrean, batez ere. Azken asteotan Parte Zaharrean izandako istilu ugarien aurrean, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak manifestaziora deitu du larunbaterako, hilaren 23rako, 12:00etan, Bulebarretik abiatuta. Donostiako GKSk eta Ernai gazte antolakundeak, besteak beste, bat egin dute manifestaziorako deiarekin.
Donostiako Udalak, berriz, atzoko gertakariak “tristeak eta tamalgarriak” izan direla adierazi du. “Pertsona talde batek atzoko eguna festa bat bezala bizi izan zuen, osasun neurriei jaramonik egin gabe, osasuna arriskuan jariz. Gainera, segurtasuneko eta ordena publikoko arazo bihurtu zen”.