Aldakoneako hirigintza proiektua «espekulatiboa» dela salatu du EH Bilduk
Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak bi hirigintza eremu lotzea adostu dute: Egiako Aldakonea proiektua eta Altzako Eraikuntzaren Institutua. Erabaki horrekin, Aldakonean gaur egun bizi direnentzat ordezko bizitokiak eraikitzera mugatuko direla dio udal taldeak.
Bi urte eta erdi pasa dira Aldakonea birsortzeko hirigintza plana aurkeztu zenetik. Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak sinaturiko hitzarmenaren bidez, 300 etxebizitza eraiki eta eremuaren irisgarritasuna hobetuko zutela iragarri zuten. Era berean, orduko Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek adierazi zuen 10 urte baino gehiago beharko zirela proiektua bukatzeko.
Aurkeztu zen egunetik denbora asko igaro ondoren, abenduaren 29an Aldakonea hirigintza proiektua aurrera eramateko aldaketa batzuen berri eman zuen udalak. Esanguratsuena da Egiako lursaila eta Altzako Eraikuntzaren Institutuarena lotzea erabaki dutela. Biak Kutxa Fundazioarenak dira. Erabaki hori «polemikoa» eta «espekulatiboa» dela dio EH Bilduk. Salaketa horien inguruan galdetuta, Donostiako Udalak ez dio adierazpenik egin hedabide honi.
«Proiektuaren sustatzaileek lortu nahi dutena da Aldakonean etxebizitza babestuak eta ekipamenduak eraikitzeko legezko betebeharren zati bat gainetik kentzea. Gaur egun bertan bizi direnentzat ordezko bizitokiak eraikitzera mugatuko dira, eta aldiz, gazte eta adinekoentzako bizitokiak, kirol-guneak eta hirigintza-proiektu berri orotarako beharrezkoak diren gainerako zerbitzuak kentzeko asmoa dute», azaldu du Ricardo Burutaran zinegotziak.
EH Bilduren ustez udal gobernuak «etxebizitza librearen eraikuntza maximizatzea» lortu nahi du hiriaren erdigunean, «non irabazi marjinak askoz handiagoak diren». Gainerakoa Altzara eramango dutela dio udal taldeak, «Egia eta Gros bezain espekulagarriak ez diren eremu batera».
Aldakoneako hirigintza proiektuaren helburuetako bat eremuaren irisgarritasun arazoak konpontzea da. Dena dela, Burutaranek horren inguruko ñabardura bat egin du: «Irisgarritasun arazo handiagoak dituzten Aldakoneako beste zati batzuk kanpoan utzi nahi dituzte. Hau da, zati pribatuarentzat etekin ekonomiko handiagoa duten eremuetan bakarrik eragin nahi da». Bestalde, hiri ereduaren ikuspegitik, «onartezina» iruditzen zaio herritarrak «modu horretan» bereiztea. «Babestutako etxebizitzak periferiara erama, eta erdiguneko lursailak errentarik altuenetarako erreserbatuko dituzte. Egian ahalik eta babestutako etxebizitza kopuru txikiena eraiki nahi dute, eta Altza eta periferiako gainerako auzoak lotarako auzo hutsak izatera kondenatu».
Egiaren «gentrifikazio prozesua»
Aldakoneako hirigintza proiektua onartzen bada –horretarako, ezinbestekoa da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzea–, auzoaren «gentrifikazio prozesua» areagotuko dela dio Burutaranek. «Ia ezinezkoa izango da etxebizitza beharrean dauden Egiako bizilagunak Aldakonean eraikiko diren etxebizitza babestuetan bizitzea». EH Bildu harremanetan jarri da Altza, Egia eta Groseko eragileekin proiektuaren berri eman eta alternatiba bat diseinatzeko, Aldakonearen eta Altzako Eraikuntzaren Institutuaren eremuetarako. «Bi helburu ditugu. Batetik, auzoen arteko desorekak ezabatzeko norabidean urratsak ematea, eta, bestetik, donostiar guztien etxebizitza eskubidea bermatzea», adierazi du Burutaranek.
Egia Bizirik auzo elkartea Aldakoneako hirigintza proiektuaren kontra agertu da hasieratik, eta hitzarmenari alegazioak aurkeztuko dizkiote. Auzoan babes ofizialeko etxebizitzak behar direla aldarrikatzen dute, batez ere, gazteak Egiatik joan ez daitezen. Hori dela eta, ez dute bat egiten Aldakonea birsortzeko proiektuarekin.