"Askotan haurtzaroa eta infantilismoa nahasten ditugu"
Mundu eskolaz kanpoko akademia sortu dute Donostiako hiru neska gaztek. Gizarteko gaiak haurrekin landuko dituzte, haurrak "infantilizatu" gabe. Gabonetan egin dute lehen tailerra, eta urtarriletik apirilera hamabi saio egingo dituzte, Kontadores Gazte Zentroan.
Zer da Mundu?
Laia Bernues (L.B.): Munduren ideia da eskolaz kanpo musika, ingelesa edo kirola egiten dugun moduan noizbehinka biltzea benetan zer gertatzen ari den ikasteko edo hausnartzeko, modu alaian eta zintzo. Uste dut ez dela egia umeei ez zaiela interesatzen, adibidez, Saharako umeeen egoera. Azken finean, Mundu eskolaz kanpoko akademia bat da gizarteko hainbat erronkari buruz hitz egiteko gure inguruan eta urruti.
Irati Peluaga (I.P.): Laiak Politika Zientzia eta Nazioarteko Harremanak ikasi ditu, Amaiak Magisteritza, eta nik Arte Ederrak. Oso ondo egon daiteke alor desberdinetatik datozen pertsonen artean gertatu daitekeena, bakoitzak bere aldetik egin dezakeelako ekarpena.
L.B.: 18 urterekin heldu egiten gara eta jakintza urria dugu denon bizitza moldatzen duten kontuei buruz: nazioarteko eskubideak, konstituzioa, hauteskunde sistema… Gai horiei ez badiegu garrantzia lehenago ematen, zaila da horiei buruzko ezagutza zabala egotea. Munduren nahia da 16 eta 26 urtekoen artean Gizarte Zientzien oinarri batzuk zabaltzea: interesgarria da herritartasunaren aldetik, bizikidetza hobetzeko. Egiten duguna egiten dugula, denok gara herritarrak, eta ondo dago denok gutxieneko batzuk jakitea, autonomo izateko eta jakiteko zeren aurrean gauden. Hori nerabeekin lantzen hasi ahal izateko, iruditzen zaigu lehenago hasi behar dela, umeekin.
Beraz, ez dituzue haurrak infantilizatzen.
L.B.: Pedagogo batek esan zuen haurtzaroa eta infantilismoa nahasten ditugula. Umeekin eskolan hitz egin behar dela esaten zuen, politikari buruz edo gizarteko gaiez buruz. Eskola oinarrizkoa da erakusteko gizartea heterogeneoa dela, eta horri buruz haurrekin hitz egin behar da: ez daude burbuila batean.
I.P.: Azkenean beraiek autonomia bilatzera bultzatu nahi badituzu, ezin duzu era infantilizatu batean egin. Artearen ikuspegitik ere hori oso garrantzitsua iruditzen zait: bakoitzak bere modua aurkitu behar du eta beraiei erramintak eman behar zaizkie. Ez zaie ezagutza zuzena eman behar, baizik eta erramintak beraiek garatu dezaten beraien jarduteko modua errealitatearekin erlazionatuz.
Gabonetan egin zenituzten lehen tailerrak. Zein gai landu zenituzten?
L.B.: Lehenengo jolas bat egin genuen denok elkar ezagutzeko eta taldean eroso egoteko. Gero galdera bat bota genuen: “Zer da guay-a bizitzan?”. Hortik abiatuta oso gauza politak atera ziren. Adibidez, 8 urteko neska batek esan zuen: “Norbaitek zaintzea”.
I.P.: Ondoren, bi tailerretan banatu ginen. Guk, adibidez, Txernobil elkarteari buruz hitz egin genuen, eta Txernobilgo haurren egoeraz. Proposatu genien ume horien azalean jartzea: pentsatzea Txernobilgo ume batek haiekin pasako zuela uda, eta gero bere herrira itzuliko zela. Koloretako paperekin egin genuen liburutxoan marraztu behar zituzten haiekin egitea gustatuko litzaizkiekeen planak. Amaieran, galdetu genien ea zerbait oparituko zieten, eta zer izango zen. Elkarrizketa politak sortu ziren.
L.B.: Lehen kontaktua izan zen, eta pozik irten ginen. Guk hiru hilabeteko proiektu bat egingo dugu, eta horregatik nahi genuen umeek egun bateko tailer bat gurekin partekatu izana gero beraiek erabakitzeko ikastaroan parte hartu nahi duten ala ez. 8 eta 10 urte arteko haurrei zuzendutakoak dira tailerrak.
Hiru hilabeteko ikastaroa nolakoa izango da?
I.P.: Ordu eta erdiko saio dinamikoak izango dira: hasieran jolas bat egingo dugu, eta gero galdera bati tiraka hausnartuko dugu.
L.B.: Gizarteko sektore desberdinetako gonbidatuak ere izango ditugu. Galdera landu eta gero, ariketa batzuk egingo ditugu haurren gaitasun sozioemozionalak lantzeko. Gai zabalak jorratuko ditugu, haien galdera edo zalantzen arabera saioak bideratu nahi ditugulako. Gizakia izaki sozial bezala aztertuko dugu, immigrazioa, sare sozialak eta beste dira gaietako batzuk.