Iztuetako pasabidearen trafikoa desbideratzeko unea iritsi da
Etzi, hilaren 27an, Iztueta kalera desbideratuko dute Iztuetako pasabidetik igaro ohi den trafikoa. Dagoeneko, trenbide azpiko bidearen maila jaitsi eta kalea atondu dute autoak zein autobusak pasa ahal izateko. “Lanak bukatuta daudenez, dena prest dago ordezko bide hori abian jartzeko, eta Iztuetako zubibidea eraisten hasteko benetako unea izango da”, esan du Duñike Agirrezabalaga Hiri Proiektuetako zinegotziak.
Iztueta kaleko galiboa 3,10 metroraino jaitsi dute, baina trenbideko zubiaren azpiko altuera mugatua dela ohartarazi du udalak. Beraz, kamioiekin eta ibilgailu altuekin zirkulatzean, aintzat hartu beharko dute galiboa. Horrez gain, kalea zabalagoa da orain trenbideko zubitik Mandasko Dukearekin bat egiten duen lekuraino. Alde horretako aparkalekua kenduta, bi noranzkoen zirkulatu daiteke.
Bi fase
Desbideratzea bi fasetan egingo dela aurreratu du udalak. Etzi, pasabideko trafikoa kenduko da, Egiako irteerarako noranzkoan. Datorren astelehenean, berriz, mozketa erabatekoa izango da bi noranzkoetan. Orduan, Egia alderako zirkulazioa Iztueta kaletik bideratuko dute.
Mugikortasunaren ikuspegitik, Egiatik Grosera eta Erdialdera doan trafikoa Miserikordia kaletik bideratuko da. “Kontuan izan behar da kale horrek ere baduela galiboa mugatuta trenbidearen azpiko pasabidean. Gainera, Iparragirre kalea trafikorako zabalduko da, Mirakruz kaletik Iztueta kalerantz jotzeko. Horrela, zirkuitu bat sortzen da Mirakruz-Iztueta-Tomas Gros kaleen artean, egoiliarrek eta inguruko hoteletako bezeroek TAO 2.1 eremuan aparkatu ahal izateko”, azaldu du Agirrezabalagak.
Trafikoa erabat desbideratu ostean hasiko dira Iztuetako pasabidea eraisten. “Aurreikuspenen arabera, otsailean zubibidea kenduko dute, bere muturretatik hasita. Erdiko zatia martxoaren 15etik aurrera kenduko litzateke, gaueko ordutegian eta ADIFekin elkarlanean, trenen zirkulazioa eta tren azpiegitura gehiegi ez oztopatzeko”, adierazi du Agirrezabalagak. Ondoren, “pilote pantailak” egingo dira eta trenbidearen azpiko bide berria egingo da. “Fase hori abuztura arte luzatuko da”.