Tamaina handiko hondakinak etxez etxe jasotzeko zerbitzua berreskuratuko du udalak
Intxaurrondo, Loiola eta Martutene auzoetan altzariak eta tamaina handiko hondakinak etxez etxe jasotzeko hasiko dira berriz ere. Donostiako Udalak bihar onartuko du Emausek zerbitzua berrabiaraztea. Emausek iazko otsailaren 1ean sinatu zuen hasierako kontratua, baina pandemiak bertan behera utzi zuen. Kontratua bukatzear denez, udalak luzapena onartuko du 164.583,15 euroko aurrekontuarekin.
“Pandemia dela eta zerbitzu hori apirilaren hasieran bertan behera utzi ondoren, orain urtebeteko luzapenaren bidez ekingo diogu zerbitzuari, etxez etxeko bilketa selektiboarekin jarraitzeko, eta zerbitzu horrek onarpen ona izan du auzotarren aldetik”, adierazi du Ekologia zinegotzi Marisol Garmendiak.
Etxez etxeko hondakinen bilketa zerbitzua doakoa da, eta “erosoagoa adineko pertsonentzat”. Tresna zaharrak bide publikoan uztea saihesten du, eta horiek berrerabiltzea sustatzen du udalaren zerbitzuak. Bildutako hondakinak Emausen instalazioetan berreskuratu eta aprobetxatzen dituzte. “Bertan sailkatzen eta prestatzen dira berrerabiltzeko. Horrela, zaborra murriztu eta ekonomia zirkularra indartuko da”, nabarmendu du Garmendiak.
Hondakinak
Etxez etxe jasotzen dituzten objektuak ondorengoak dira, besteak beste: aulkiak, sofak, etxetresna elektrikoak, koltxoiak, lanparak, sukaldeko objektuak, tresna elektrikoak, liburuak eta jostailuak. Intxaurrondon lehen saiakera egin ondoren, zerbitzua Loiola eta Martutene auzoetara zabaldu zuen udalak. Emauseko langileek, behar bezala identifikatuta, etxez etxeko bilketa zerbitzua ematen dute astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 16:00ak arte soilik. 943 630 999 telefonora dei daiteke, edo posta elektroniko honetara: voluminososdonostia@emaus.com.