Salpa espezie bitxia agertu da Ondarretako hondartzan
Donostiako Aquariumak jakinarazi duenez, salpa izeneko espezie bitxia agertu da Ondarretako hondartzan. Txakurrarekin paseatzen ari ziren pertsona batzuek topatu dute hondartzaren ertzean. “Objektu garden batez jabetu dira, eta marmoka edo plastiko zatiak ziren galdezka ibili dira. Aquariumeko langileak Ondarretako hondartzaren ertzera hurbildu ondoren, konturatu dira salpa espezie bitxiaz ari zirela hizketan bertara gerturatutakoak”, azaldu dute.
Salpak, itxura likatsua eta gardena eduki arren, ez dira marmokak eta beraien artean ez daude erlazionatuta. Itsas espezie hau urokordadunak izeneko animalia taldekoa da, arraintzat hartzen ez diren ornodunen aurrekaria. Bakarrik edo kolonia handiak osatuz bizi dira. Fitoplanktonez elikatzen dira, eta ugari daudenean berehala ugaltzen dira. Espezie hermafrodita da eta asexualki ugaltzen dira.
Aquariumak nabarmendu du ez direla arriskutsuak. “Alderantziz, itsasoa garbitzen dute, fitoplanktonez elikatzen dira eta CO2 kantitate handia xurgatzen dute”. Ondarretan nolatan agertu diren azaltzeko hipotesi bat ere eman dute. “Ziurrenik, fitoplankton asko egongo da gure itsasoan eta horren eraginez korronte handietatik atera dira eta azkar ugaldu dira beraien artean. Ondoren olatuen eraginez gure hondartzan bukatu dute”.