Antondegiko surf parkearen proiektua larrialdi klimatikoaren adierazpenaren kontrakoa dela dio EH Bilduk
EH Bilduk biharko udalbatzarrera eramango du Antondegiko surf parkearen proiektua. Udal gobernuari eskatuko diote parkearen tramitazioa bertan behera uzteko. Horrekin batera, udal taldeak larrialdi klimatikoaren adierazpena “lehenbailehen” ezartzeko eskatu, eta Aldaketaldia egitasmoaren mobilizazioetan parte hartzera deitu du.
“2020ko martxoaren 17an, Eneko Goiaren Gobernuak Larrialdi Klimatikoaren Deklarazioa onartu zuen Donostian. Aurkezpenean, EAJk eta PSEk adierazi zuten “adierazpen honek konpromiso politiko errealak eta lotesleak betetzea eskatzen duela, egungoak baino askoz asmo handiagokoak”. Bada, 10 hilabete geroago, Adierazpena oraindik ez da ezarri, eta gainera, Martuteneko landa eremu batean surf parke tematiko bat eraikiko dela iragarri du Udal Gobernuak, Adierazpena ezerezean utziz ezartzen hasi baino lehen”, azaldu dute.
Aitorpenari lotutako ekintza proposamenean, “Lurraldea” atalean, besteak beste, esaldi hau jasotzen dela nabarmendu dute: “Lurralde berrien okupazioa murriztea eta 2010eko Plan Orokorrean urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoru batzuk egikaritzeari uko egitea”. Parke tematiko honek Martutene auzoan urbanizatu gabeko lurzorua artifizializatzea ekarriko lukeela oharatarazi dute.
“Antondegiko Surf Parkeko iragarpenak aurkako ahots asko sortu ditu, bai eremu ekologistatik bai surflariengandik. Izan ere, irabazi asmorik gabeko Surfrider elkartea, Europako surflariek sortua, 12.000 kide baino gehiago dituena, azpiegitura horien aurka agertu da 2020an”, nabarmendu dute. Bestalde, gogorarazi dute Donibane Lohizunen antzeko egitasmo bat bertan behera utzi zela. “Surfrider-en jarrera oso argia izan zen eta 60.000 sinadura baino gehiago lortu ziren egitasmoaren aurka”.
Surf parkearen eraikuntza larrialdi klimatikoaren adierazpenaren kontrakoa dela esan du EH Bilduk. Horregatik, urtarrileko udalbatzarrera mozio bidez eramango dute proiektua bertan behera uzteko eskaera. Horrekin batera, hiriko surfaren sektorea garatzeko proiektu jasangarriak eta alternatiboak abian jartzeko eskatuko dute.