Antton Troitiñok kimioterapia uztea erabaki du, ez delako "bideragarria" espetxeko baldintzekin
Antton Troitiño euskal preso donostiarrak 30 urte baino gehiago egin ditu kartzelan. (Argazkia: EITB) Antton Troitiño preso donostiarrak gaixotasun larri bat pairatzen du, eta Etxerat mugimenduak jakinarazi duenez, kimioterapia tratamendua uztea erabaki du, ez delako “bideragarria” espetxeko baldintzekin. Preso donostiarraren osasunak okerrera egin duela azaldu du Etxeratek: “Estremerako espetxetik ospitalera lau aldiz eraman dute kimioa jasotzeko, ondoren espetxera itzularaziz. Baldintza desegoki eta gogorretan dago presoa, eta aske utzi arte kimioterapia etetea erabaki du, bere gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko eta bere senideengandik hurbil”.
Gainera, bi aste baino gehiago igaro dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Antton Troitiño Intxaurrondoko euskal presoari hirugarren gradua eman zionetik. Ordea, Madrilgo Estremerako kartzelan jarraitzen duela salatu du Etxerat mugimenduak. Gaixotasun larria izateagatik baldintzapean aske uztea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak.
Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen eta 65 urte baino gehiago dituztenen “berehalako askatasuna” eskatu die Etxerat mugimenduak Espainiako eta Frantziako gobernuei.

