Donostia Ospitaleko sarreran egongo da San Sebastian eguneko bandera pertsonalizatua
Donostiako Udalak gaur eman dio ESI Donostialdeari San Sebastian eguneko bandera pertsonalizatua. Ekitaldi itxi batean, osasun arrazoiengatik, Eneko Goia alkateak Itziar Perez ESI Donostialdeko zuzendariari bandera eman dio. Donostia Ospitalearen sarreran egongo da ikusgai.
Alkateak eskerrak eman dizkie ESI Donostialdeako langile guztiei –medikuak, erizainak, auxiliarrak, garbiltzaileak, mantentze-lanak eta gainerako langileak–, hilabete hauetan guztietan COVID-19aren aurkako borrokan egiten ari diren lanagatik. Birusak historian hamaseigarren aldiz bertan behera utzi du San Sebastian egunaren inguruko ospakizuna, eta ez zen horrelakorik gertatzen 1960ko hamarkadaren amaiera eta 1970ko hamarkadaren hasieratik.
“Esanahi handia du ESI Donostialdeari hiriko egun handienaren harian pertsonalizatutako bandera hau emateak. Izan ere, donostiar guztiok batzen gaituen eta harro sentiarazten gaituen bandera honekin gure babesa, indarra eta maitasuna adierazi nahi diegu erakunde honetan lan egiten dute hainbat arlotako profesionalei”, azaldu du Goiak.
ESI Donostialdeko zuzendariak, berriz, eskerrak eman dizkio udalari profesional guztien izenean. “Azken hilabeteotan lan gogorra izan dugu, eta benetan polita da lan talde guztiaren esfortzua eta dedikazioa aitortua ikustea”. Era berean hiritar guztiei orain arte egindako esfortzua eskertu die, eta segurtasun neurriak betetzen jarraitzeko eskatu die.
Bigarren bandera
San Sebastian egunaren lehen bandera pertsonalizatua Union Artesana elkarteak jaso zuen iaz, beraien 150. urteurrena zela eta. Presidenteak jaso zuen bandera Konstituzio plazan bandera jaistearen ekitaldiaren ondoren, eta Parte Zaharreko kaleetatik barrena eraman zuten euren egoitzaraino.
Oraingoan, nahiz eta ez den jairik egon hiriaren egun handiena ospatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, udalak egitasmoa mantentzea erabaki zuen, eta hasiera batean urteurren bat ospatzen zuen elkarte edo danborrada bat omentzeko zen bandera, ESI Donostialdeako langile guztiei eskerrak emateko balio izan du.