Etorkizuna izango da Dferia jaialdiaren gai nagusia
Gai nagusiaren berri eman eta kartela aurkeztu dute. XXVII. Dferiaren jaialdiaren leloa etorkizuna izango da. Kartela, berriz, Rebeka Elizegi ilustratzaileak egindako collage lan bat da.
“Kulturaren eta arte eszenikoen mundurako hain urte krudela igaro ondoren, antzerki mundua errepresentatzen duen pertsonai nagusi bat ilunpetik azaltzen da eszenara, espazio guztiari indarra eta energia berritua emanez”, azaldu du Elizegik.
Bestalde, antolatzaileek galdera ugari dituzte etorkizunari begira: “Etorkizuna zehatz-mehatz asma al dezakezu? Zergatik interesatu eta interesatzen zaigu hainbeste? Etorkizunaz interes hori, nola hausnartzen da arteetan? Etorkizuna benetan existitzen da? Erlijio batzuek etorkizunaren ezjakintasunak sortutako ziurgabetasunean jarri dituzte oinarri teologikoak. Norberak bere etorkizunean eragin dezake? Eta amaitzeko edo nahi baduzu halanola jarraitzeko, nola hautematen da etorkizuna Covid garaian?”.
Dagoeneko 330 konpainiak eman dute izena jaialdirako; antzerkian, dantzan eta bestelakoetan euren lanak aurkezteko. Azkenik, 28 konpainien ikuskizunak hautatu dira, eta horietatik bost, estreinaldi orokorrak izango dira. Hemendik gutxira, martxoaren 15etik 18ra bitarteko jaialdiaren programazio eszeniko osoa aurkeztuko dute.