Realak agur esan dio Kopako abenturari
Realak Betisen aurka galdu egin zuen atzo, eta Kopari agur esan dio. (Argazkia: Reala) Realak lau egunetan bi partida jokatu ditu Betisen aurka, eta ez batean eta ez bestean, txuri-urdinak ez dira gai izan andaluziarrak garaitzeko. Alguacilen mutilak indartsu atera ziren atzo Benito Villamarin estadioko zelaira, Kopako final-laurdenetara pasatzeko helburuarekin. Lehenengo hamar minutuetan nahiko pareko ibili ziren bi taldeak, baina hamargarren minutuaren inguruan lehenengo gol aukera izan zuten donostiarrek, eta, hortik aurrera, lehenengo zatia kontrolpean izan zuten. Hain justu, Oiartzabalek ireki zuen markagailua 13. minutuan: Gorosabelek eskuin hegaletik baloia eman zion, eta Oiartzabalek jokalari handien moduan jaurti zuen, gurutzatuta, atezaina gaindituz.
Bigarren zatia antzeko hasi zen, Realak kontrolpean baitzuen jokoa, baina 48. minutuan, Mateu Lahoz epaileak bigarren txartel horia erakutsi zion Illarramendiri, mutrikuarra kaleratuz. Epaileak VARaren laguntzarekin hartu zuen erabaki hori, erdilariak Sidnei kolpatu zuelakoan, baina errepikapenean argi ikusten da Illarramendik ez zuela Betiseko jokalaria ukitu. Kaleratzea, beraz, ez zen bidezkoa izan, eta hurrengo minutuak baldintzatu zituen, Betis gero eta gehiago hurbildu baitzen Realaren atera. Norgehiagoka lainotu egin zen, txuri-urdinentzat, eta ez soilik bigarren zatian estadioa estali zuen behe lainoarengatik.
Realak eutsi egin zion hamar jokalarirekin, eta halako batean, 65. minutuaren inguruan, Lahozek bigarren txartel horia erakutsi zion Toni Sanabriari, bi taldeak hamar jokalarirekin utziz. Hala ere, 78. minutuan, Canalesek area kanpotik jaurti zuen, eta Remiro gainditu zuen, markagailuan berdinketa ezarriz.
Luzapenean, kalera
Horrela, luzapenera heldu zen norgehigoka, eta lehenengo minutuak nahiko parekoak izan baziren ere, Alguacilek ez zuen aldaketekin asmatu oraingoan, Januzaj erdian kokatu baitzuen, eta horrek jokalariaren baliabideak mugatu zituen. Geroago, Carlos Fernandez zelairatu zuen –debuta egin zuen–, baina ez zuen aukera asko izan bere jokoa erakusteko.
Horrela, Borja Iglesias zelairatu berriak atzelari txuri-urdinen akats bat aprobetxatu zuen, eta 2-1-ekoa sartu zuen, luzapenaren lehenego zatian. Realak ez zuen amore eman, eta gol aukeraren bat izan zuen, baina bigarren zatian, Iglesiasek berriz gainditu zuen Remiroren atea, Joaquinen erdiraketa bat errematatuz: 3-1. Luzapena amaitzeko bost minutu gelditzen zirenean, Januzajek gol bat sartu zuen, eta itxaropen txuri-urdinak piztu zituen, baina epaileak baliogabetu egin zuen, jokoz kanpo sartu zuelako.
Norgehiagoka 3-1 bukatu zen, eta Realak agur esan zion Kopari. Hemendik aurrera, indar guztiak Ligan eta Europa Ligan jarri beharko dituzte Alguacilen mutilek, baita apirileko Kopako finalean ere.

